Goikobidea

Javier Goikoetxea Martínez, GOIKO, Zubialde erreka ondoan zen Okarantza errotako mutila, zuhaitzez inguraturik, txorien kantua eta oreinen marrualdia entzunez jaio zen Gorbeiaren magalean.

Pertsona aparta zen: jostakina, irribera, eskuzabala, xumea, sentibera, izaera askekoa.

Berea arte plastikoak ziren, eskultura. Eraikuntzari, harrobiari, baserriak zaharberritzeari, birziklatzeari (denak balio zion) eta abarri emana zen.

Zigoitiko bizitza sentitu eta bertan herritarturik bizi izan zen gazte-gaztetatik. Adiskidetasuna, hartu-emana eta elkar ikustea partekatu zuen hemen bizi garenokin.

Aisialdia musikari eta Zigoitiaren memoria berreskuratzeari eskaintzen zion, gogotik eskaini ere: argazkiak, adineko jendearen istorioak, leku interesgarriak, lanbideak, ohiturak... Jakin-min handia erakutsi ohi zuen sustraiei buruz, eta bere gogoa ingurukoei transmititzeko gai zen. ABADELAUETA etnografia elkartearen hazian parte hartu zuen, ezin bestela izan.

GOIKO 2012ko azaroaren 11n hil zen, 40 urterekin, San Martin egunean Manurga jaietan zela. Hantxe bizi zen Henar emaztearekin eta Bixen eta Peru seme pare txikiekin.

Gure historiari eskaini zion gorazarrez, ibilbide bat inauguratu zen haren lehen urteurrenean, GOIKOBIDEA, giza aztarnaz betea.

Gure esker ona proiektu hau ahalbidetu duten guztiei.

1.- MANURGA

Manurgan hasi eta bukatzen da Goikobidea ibilbidea, eta bertako ondare aberatsa ikusteko balia daiteke, hango kaleetatik barrena ibiliz:

  • Done Martie (San Martin) eliza
  • Berastegi jauregia
  • Hurtado de Mendozatarren dorretxea
  • Ospitale zaharra
  • Jauregi-etxeak
  • Iturri eta gurutzadurak

(Euri sasoian, zentralaren presa ez da zeharkatzen erraza. Hobe litzateke aurrena 3. puntuko ibilaldia egitea, eta errekaren ezkerraldetik 2. punturaino igotzea)

2.- ZENTRALA

Izua errekaren ibilguaren gainean zegoen, Izubarri eta Bolunbitarte zubien artean, azken hori aurrietan.

Hasieran auzotarrek egin zuten, eta nahiko zor handia ekarri zion horrek herriari. Sangarrengo baroiak lagundu zuen ordaintzen, 2.000 pezeta emanda. Zentrala 1926ko abenduaren 8an inauguratu zen, arrakasta eta ikusmin handiz, eta 1945eko abendura arte ibili zen.

Hauek osatzen zuten instalazioa:

· Ura biltzeko presa, bere uhate eta guzti. Presa oraindik badabil.

· Zentralarentzako (produkzio hidroelektrikoa) eraikina, turbina eta alternadorea bertan zirelarik. Hondarretan dago egun, baina ura berriro errekaren ibilgura itzultzen zuen hodia kontserbatzen da.

· Transformadorearentzako etxola, herriaren erdigunean. Jada ez dago.

· Zentraletik transformadorerainoko kable-sarea.

· Uhatea ireki eta ixteko zirga.

· Etxeetara banatzeko sarea.

Etxeetako argindar instalazioak oso oinarrizkoak eta prekarioak ziren. Etxe bakoitzean bi bonbilla izatea zen ohikoena. Ahalik gehien aprobetxatzen zen, tokiak banatzen zituen trenkadan egindako zulo batean jartzen zen bonbilla, bi edo hiru gela (korridorea, sukaldea, logelak...) argizta zitzan. Argindar-zerbitzua presan bildutako ur bolumenaren mende zegoen. Ura agortzen zenean, argindar-zerbitzua eten egiten zen.

Juan Ruiz de Apodaka eta, gerora, Antonio Gabiña izan ziren instalazioen arduradunak. Eurak arduratzen ziren presan bildutako uraz, uhateak ireki eta ixteaz, funtzionamenduko orduak ezartzeaz eta beste.

Zentral hidroelektrikoa 1945eko abendura arte egon zen martxan. Errentagarritasun faltak behartu zuen ixtera. Bainua hartzeko putzu modura erabili izan zen gerora. Adinekoek diotenez, Berastegiko jauregira lanera etortzen zen neskame taldeak maiz hartzen omen zuen bainua presan. Antza denez, ez omen zen “ingumarik” falta izaten, sastrakaren lodieran ezin hobeki kamuflatuta isil-isilik eta arretaz zelatatzen baitzituzten. Madrileko eta Zigoitiko zangoen arteko aldea bilatu nahi izaten omen zuten. Aidean dago lortu ote zuten, garaiko bainujantziek gorputza orkatiletaraino estaltzen zuten eta, dekoroski.

3.- IZUBARRI

Manurgatik herriko lursail eta mendietara iristeko zazpi zubietako bat da, Izua errekastoaren bestaldean. Zubi horrek Murabe mugartera, Ametzura eta Murua herrira egiten du.

Arku batekoa da, eta XIX. mendean egin zen. Kontzejuan ezarritako arauei muzin egiten zieten auzotarrek egindakoa izan behar du. Zigorrak komunitaterako lanak eginez berrerosten ziren.

Manurgako Administrazio Batzordeak, bertako ondarea kontserbatzeko nahiak bultzatuta, zaharberritu egin zuen zubia 2018an, gabeziak dituzten gainerako zubiekin jarraitu nahi duen plan baten barruan.

4.- MURABE

Murabe da Murua, Manurga eta Zarateko mugarteetan hutsik den herrixkaren izena. Done Joanes (San Joan) izeneko elizaren hondarrak baino ez dira geratzen agerian. Hori izan zen behiala Manurgak izan zituen hiru elizetako bat, Santa Marinarekin eta Done Bartolomerenekin batera.

Herrigunea behin desagerturik, baseliza bezala iraun zuen 1829an eraitsia izan arte.

Tokia azterketa eta indusketen zain dago, eta ez dugu ia ezer ezagutzen Murabe herrixkaz; bai, ordea, haren parrokiaz.

Bada XVI. mendeko agiririk, bertako premiak eta egindako obrak biltzen dituena, eta garaiko errentak eta maileguak.

Nahiz eta 1764tik Manurgako parrokiaren bisitariek baseliza zaintzeko eta garbitzeko enkargua eman zioten, ez dirudi mantentze lanetan lan handirik egin zenik, urte gutxi geroago haren egoera txarrari buruz hitz egiten baita, itoginekin, hormetan entokadura beharrean eta zuen leiho bakarra beiraterik gabe zelakoan.

Hondatzea hainbesteraino areagotu zen, ezen bisitariak eraistea agindu baitzuen, “zeharo lotsagarri” zegoela iritzita.

Dakigunez, baselizaren hondakin nobleenak Manurgako elizarako eraman ziren, Santa Marinakoarekin gertatu legez, eta Kontzejua geratu zen gainerako hondakinekin, eraisten emandako lanaren sari.

5.- AMETZUKO ZUBIA ETA ERROTA

Carlos Martinen arabera (10 zk.ko Ohitura) Manurgako biztanleek bi errota zituzten antzina-antzinatik, Ametzukoa eta Zubibarrikoa. Aurrena sozietate modura, eta gero, berriz, kontzejuen jabegotzan. Bi errotek antzeko historia dute.

Manurga iparraldean daude biak, 2 km-ra, Ametzuko errekasto eta mugartean. 1926an bike osoaren salerosketa bat dago zazpi egunetarako, bat bere gauarekin, kobrezko sei dukaten truke, eta 1746an Kontzejuak hipotekatu egin zuen.

1829an Manurga presa bat egiten saiatu zen errekaren gainean. Murua ez zegoen ados, eta Ermandadeko alkatearen aurrean salatu zuen. Peritu inpartzial bat izendatu zuen alde banak, baina ez ziren konponbidera iritsi. Alkateak hirugarren bat izendatu zuen, eta azkenean obra egin ahal izan zen.

Egun, aiurritan dago. Gerra zibilean, ezkutuan ehotzeko erabili izan zen. Zubiak Manurgaranzko bide zahar batera ematen du.

6.- LABEAK

Zulo zirkularrak lursailaren ezpondan. Egun labetzat hartzen dira nagusiki, nahiz eta karobi deitzen diegun. Jatorrian, baliteke haietako asko labeak izatea burdin minerala murrizteko. XVIII. mendetik aurrera kareharritik karea sortzeko erabili ziren.

Labe horiek banan-banan eta sakon ikertuz gero, argitan jarriko litzateke horietako bakoitzaren ibilbide historikoa.

Ez dugu ia ezer ezagutzen prozesurik zaharrenaz, burdina murrizteaz. Aitzitik, nahiko ezaguna zaigu karobi gisa eman zitzaion erabilpena, duela urte gutxi arte iraun baitu, XX. mendearen erdialdera arte.

Burdinaren erredukzio-labe gisako erabilpena horren aurrekoa da, eta labeen barruragoko geruzetan aurkitu ahal da, bai hormetan bai eraikinaren hondoan. Labe batzuetako hormetan diren burdinazko hondarrak, imana erakartzen dutenak, eta etxean edo labe batzuen inguruetan zepak egoteak erakusten dute erabilera bikoitza izan zutela.

Ia labe guztiak antzeko baldintzetako tokietan aurkitzen dira: burdinazko minerala, edo kareharria, hala badagokio; erretzeko egurra; eta, horietatik hurbil, errekasto bat.

Oso gauza gutxi dakigu Gorbeiako burdinaren erauzketari buruz, nahiz eta burdina-zainak ugariak izan aire librean eta burdinaren galeriak egon. Gorbeian, bestalde, oso ohikoa da kareharria aurkitzea hareharriaren ondoan.

Lepaketan aprobetxamendua labeentzako erregai beharretarako zen. Ikazkintza, hots, egurra egur-ikatzean eraldatzea, izan da mendiko industria handietako bat.

XVIII. mendeak, antza, aldaketa handia ekarri zuen labeen erabilpenean, egun karobi gisa ezagutzen ditugunetara pasa zen. Karea nekazaritzako ongarri nagusiena bilakatu zen, eta oso loturik dago artoaren laborantzari. Artoaren laborantzak, izan ere, aldatu egin zuen Euskal Herriko paisaia zein elikadura. Fenomeno horri eraikuntzan ematen zitzaiona gehitu zitzaion, eta, hala, hamaika erabilpen zituen: morteroa egiteko, eraikinak eta zuhaitzak margotzeko-desinfektatzeko, lekaleak, arrautzak edo fruta kontserbatzeko, medikuntzarako...

7.- ELURTEGIA

Elurtegia lurrean zulatutako putzu bat da, bere eustormekin, are teilatuarekin.

Elurtegiak erromatarren garaitik dira ezagunak, eta garapen handia izan zuten XVI. mendetik aurrera izotz-fabrikak eta, ondoren, hozte-industria agertu arte. Gutako askok oraindik gogoan ditugu etxeetako hozkailu zaharrak, kaxoi gutxi gorabehera industrialekin, non izotz-blokeak sartzen ziren, lehenik elurretatik eta gero izotz-fabriketatik ekarriak, elikagaiak horrela fresko mantentzeko.

Elikagaien kontserbazioa, historikoki, posible izan da gatzari, ontzutzeari, lehortzeari, kontserbei eta elurraren aprobetxamenduari esker.

Elurtegietan, lanak azken elurteen ondoren hasten ziren, udaberrian, alegia. Putzua inguruko elurrarekin betetzen zen, eta zapaldu egiten zen trinkotzeko eta, ondoren, izotz bihurtzeko. Halatan, hainbat geruza eratzen zituzten, hostoz, adarrez edo garoaz bananduta, eta lodiera homogeneoa ematen zitzaien. Udan, eta gauez, urtu ez zedin, blokeka garraiatzen zen zalditeriaren bizkarretan edo idiek eramandako gurdietan merkaturatze-guneetara, gure kasuan Gasteizera edo herri handietara.

Oso lan gogorra zen, langileek ez zuten hotzarentzako beroki eta oinetako egokirik elurretan eta elurtegietako izotzarekin ibiltzeko.

8.- LIHOSINA

Lihoa linazeoen familiako landare bat da, eta liho basatiak eta landatutako lihoak daude. Lihoa antzina-antzinatik etxekotua da, gizakiak bere zuntzak eta haziak erosoago edukitzeko duen nahiarengatik; horretarako, herrixketatik gertu ziren lur ongarrituetan hasi ziren biltzen.

Ezaugarri bereziak ditu ehungintzarako material gisa: elastikotasuna, tentsioak eta presioak jasaten baititu, beste ehun batzuek ez bezala; leuntasuna, barruko arropetarako aproposa egiten duena; eta, zuritasuna, zenbat eta gehiago garbitu, orduan eta areagoa delarik.

Lihoa landare nagusietakoa izan zen ehungintzaren industrian, eta ganaduaren eta pertsonen elikadurarako ere erabili zen.

Guri interesatzen zaiguna lihoaren zurtoina da. Hori moztu eta zuntza ateratzen zitzaion barrutik, haritzeko eta ehuntzeko. Prozesua luzea eta konplexua da:

1.-“Aletzea”. Aletzeko makina erabiltzen zen liho haziak bereizteko.

2.- Liho zurtoinak “egostea”. Liho-zurtoinen mahukak ur korrontean 5-10 egunez sartuta egoten ziren, baita gehiagotan ere, lodieraren arabera. Urperatutako kopurua kontrolatzea eskatzen zuen, kutsagarriak ditu eta uretako faunarentzako. Lihoa “egosita” zegoela esaten zen tolesterakoan ez bazen apurtzen.

3.- “Garbatzea”. Eragiketa horrekin zurezko zatia (oskola) eta zuntza (bihotza) bereizten ziren. Antzina zurmailuarekin egiten zen; gerora, berriz, trangarekin, herbeheretarren XVI. mendeko asmakizuna, alegia.

4.- "Ezpatatzea eta txarranketa”. Lortzen zen lehen zuntza iztupa da, eta ehun zarpailetarako balio du. Bigarren jardunean tartekoa ateratzen zaio, oheko arroparako. Geratzen den zuntza da finena, eta kalitate hobeko arroparentzat izaten da.

4.- “Ehuntzeko harilak”. Ardatzarekin eta goruarekin zuntza iruten zen, eta gero matazatan biltzen zen harilkatzaile edo matazatzailearekin.

5.- “Lihoa egostea”. Matazak garbitzeko, ur irakinetan sartzen ziren, pago-errautsezko poltsa batekin batera. Ereinotza ere jartzen zen, usain ona emateko.

6.- Harilak egin eta gero, prest zegoen jantzigintzarako.