Errotarriak

1.-LAMINITURRI

Laminiturriko harrobian 6 errotarri aurkitu izan dira 50 eta 100 cm bitarteko diametro eta 15 eta 45 cm bitarteko lodierarekin. Halako tamainek erakusten dute inguruan errotarriak egiten aritu izan zirela aspaldi-aspalditik, ziurrenik X. mendetik.

Toponimoa handik gertu, ekialderantz gutxi gorabehera 250 metrora, dagoen putzutik hartua dago. Harrobi horrek 2 hektarea inguru dituela uste da.

Harrobiaren goialdean, azken gerrako lubakien hondarrak ikus daitezke.

1.-ERROTARRI HARGINEN LANBIDEA. BIZILEKUA MENDIAN.

Errotarriak egiteko harri-materiala herriguneetatik urrun diren lekuetan aurkitzen zen, normalean mendian edo haranen goi aldean. Harginek lehengaia dagoen tokiraino joan behar izaten zuten, bertan lantzeko.

Tresna egokiak erabiltzen zituzten harria lantzeko, horretarako bereziak zirenak, bi puntako pikatxoia edo harmailua, kasu, erromatarren garaian ere erabiltzen zen tresna teknikoa. Hauek ere erabiltzen ziren: hargin-mailuak, hainbat trintxa, gradinak, harri-haustekoak, ziriak, pletinak, burdinagak, eskuairak eta konpasak. Harriaren tamaina eta forma zein zen, erreminta bat edo beste erabiliko zuten. Harginak mende asko daramatza lanbide berean, belaunaldiz belaunaldi erreminta bera erabiltzen, eta beraz, oso ondo neurtua eduki behar zuen horren lan neketsutik ateratzen zuen etekina. Harriaren nolakotasunari erreparatzen zion lehen-lehenik, eta haren kalitateak erabakiko zuen arroka-substratutik modu batera edo bestera erauztea, gero hainbat egunez lantzen aritzeko, ehotzeko balioko zuen errotarria lortu arte. Hareharria zen onena, baina onak ziren ere konglomeratua eta beste harri gogor mota batzuk, hala nola kuartzitak, bulkanitak eta beste. Kareharria ez zen egokia marruskaduraz ehotzeko. Zigoitian hareharri ugari dago, zekaleak eta artoa ehotzeko oso ona. Eskuarki, “harri beltza” deitzen zioten, Trebiñuko harriaren zuritasunarekin alderaturik.

Harginak 10 egun inguru behar izaten zituen 130 cm-ko diametroko eta 30

cm-ko lodierako errotarri on bat egiteko. Gauak, beraz, harrobian bertan igarotzen zituen. Zigoitiko harrobietan aterpe batzuk ageri dira. Nonbait, hantxe bizi behar zuten harginek mendiko egonaldia bitartean.

Oketa mendian, harrobiko lanetan erabiltzen ziren erreminta eta zeramika hondarrak aurkitu izan dira.

2.-KANTERATXIKER

Kanteratxiker inguruan 5 errota eremu katalogatu izan dira, eta bertan errotarriak egiteko harriak atera dira oso antzinatik, X. mendekoak izan behar dute, seguruenera.

Toponimoak azaltzen du harrobi txiki bat zela, Oketa gainean, ipar-mendebalde aldera 1.000 metro ingurura, egon behar zuen handiaren aldean. Loturaren bat behar zuen izan harekin, eta bide berberak partekatu behar zituzten handik errotarriak eramateko.

24 errotarri aurkitu izan dira 5 eremutan, 40 cm eta 140 cm bitarteko diametrokoak. Aspaldi-aspaldikoak direla esan nahi du horrek. Harri gehienak goroldioz estalita daude.

Harresi eta harri pilaketen hondarrak ageri dira, inguru horretan garatu izan zen jardueraren garrantziaren adierazle. Harrobiaren goialdean, azken gerrako lubakien hondarrak ikus daitezke.

2.-HARROBIEK SORTZEN ZUTEN EKONOMIA

Errota batean errotarri bat apurtzeak errotari mainatsuaren geraldia zekarren, eta, ondorioz, ezin irin gehiago egin errotarria konpondu arte. Hori neguan gertatzen bazen, mendiak elurrez zirela, kontua korapilatu egiten zen, hargina mendira igotzeko moduan zen arte, errota horrentzako neurri egokiko errotarria prestatzera. Errotarriak oso garestiak ziren, eta ez zen ordezko errotarririk izaten errotetan. Harginak ere ez zuen izaten harririk stockean, neurriak aldatu egiten baitziren errota batetik bestera, zeinek bere neurriak zituelarik. Ez zegoen neurri estandarrik. Errotarri batek, XVIII. mendean, 11 errealeko 15 dukat inguru balio zuen. Hau da, 8.000 teilaren edo 10 ardiren (bere arkumeekin) pare. Normalean, goiko errotarria edo bolandera apurtzen zen, minutuan gutxi gorabehera 60-80 bira ematen zituen eta. Errotak ziren garai hartako makinak, premia handiko ondasunak ziren, eta hura zen ekonomia-jarduera nagusienetakoa industriaurreko nekazaritza gizartean.

Errota geldirik errotarria apurtuta

Errotarri batek 20 urte iraun zezakeen, batez beste, sasoi bakoitzean ehotzen zen zereal kopuruaren eta bi errotarrien artean ezarritako tartearen arabera. Goiko harria era uniformean higatzea zen ohikoena, eta noizean behin errota gerarazi egiten zen, eta harri birakariari buelta ematen zitzaion, berriz ere pikatu ondoren ildoak zorrozteko. Harginek aste bat edo bi behar izaten zuten harrobian errotarri bat egiteko, eta haren prezioak gora egiten zuen garraioarekin. Errotarriaren balioaren %20-30 inguru garraioari zegokion, baina errotarriaren preziotik kanpo hitzartzen zen.

Ez dugu ziurtasunik eremu bakoitzeko harrobien jabetza norena zen esateko, ez dagoelako aski informaziorik. Dena dela, errotak, burdinolak, elizako patronatuak eta inguruko lurrik gehienak leinuen eta monasterioen kontrolpean zeudenez, pentsatzekoa da errotarri harrobiak ere ez zirela egon behar eragin eta kontrol horretatik libre.

3.-OKETAKO TUMULUA

3.-HARRIAK ERAUZTEKO TOKIAK

Harginek inguruak miatzen zituzten harriak lantzen hasi aurretik. Tokia ondo ezagutzea funtsezkoa zen lana denbora luzez garatzeko, harria erauzteko jardunak ingurua aldatzera baitzeraman eta harri-hondarrak sortzen zituen, handik atera beharrekoak. Edonola ere, harri geologikoa estaltzen zuten landaredi eta lurra kendu beharra zegoen.

Errotarria altxagarriarekin hartxingadi batean (Peñarrota)

Inguruan hartxingadi handirik bazen, egin behar zuten errotarriari gehien egokitzen zitzaizkion tamainako piezak bilatzen zituzten, harrietaren bazterretaraino mugitzen zituzten, eta ondoren altxagarria jarri eta lantzen hasten ziren.

Harriak geruzaturik baldin baziren, pitzadurak non zituzten bilatzen zen eta handik hasten ziren lanean. Harlauza handiak erauzten zituzten horrela, eta eremu bereizietan lantzen ziren gero, agerian amilburua eta haren inguruan harri-hondar piloa geratzen zirelarik.

Lubaki erako erauzketa (Pagazuri)

Substratua ez bazegoen ikusgai edo ez bazen horren agerikoa, harginek lubaki itxurako ildaska handiak ateratzen zituzten, lortu nahi zuten harlauzaren lodieraren zainaren ildoari jarraituz.

Harginak ingurua ondo ezagutu beharra zuen, ondorengo urteetarako lana mugatu gabe etekinak lortzeko. Familia lanbidea zen, izan ere, harginarena, eta ez zen harririk landatzerik edo berez hazi zitezen itxaroterik, ganaduarekin edo basoarekin gerta zitekeen legez.

Errotarriak lortzeko ustiakuntza bertan behera utzi behar izaten zen harri onaren zaina agortzen zenean, eta beste inguru bat bilatzeari ekin behar izaten zitzaion urte asko iraungo zuen ustiakuntza bati ekiteko.

Lantzen zen harrobietan ez zen landaredirik. Zenbaitetan, harri-hondarrak aprobetxatu egiten ziren gero, eraikuntzarako material moduan (harlangaitz-hormak).

4.-OKETA

50 cm-ko errotarria

Oketa mendiaren inguruan hogei bat errota-eremu katalogatu izan dira, eta errotarriak egiteko harriak ateratzen ziren bertan antzina-antzinatik, ziur asko X. mendetik.

Harrobi hori da inguruko handiena, baita ikusgarriena ere, ekialderantz jaisten den magalean ikus daitekeen harri txiki formako hondakin kopuruagatik. Gainera, bada eraikuntzarako ere hortik harria aterea denaren berri. Harri lehorrez eraikitako aterpe txiki batzuen hondarrak ageri dira, errrotarri harginek gaua igaro ahal izateko etxolak, nonbait, bai eta materialez betetako zenbait eremu lautu ere. Hainbat berriemailek adierazi dutenez, harrobi horretan zorrozteko harriak ere egin zituzten. Zeanuriko (Bizkaia) Olabarriko Erroteak harrobi horretatik ekarritako 130 cm diametrokoko errotarri pare bat eskuratu zuen, Benito Pujana Emaldi errotariak erosiak 1945eko martxoaren 15ean.

Oketako harrobiak uste da 3 hektareako zabalera duela, eta 3 errotarri aurkitu izan dira bertan 50 eta 100 cm bitarteko diametrokoak.

4.-ERROTARRIA ERAUZTEKO ETA LANTZEKO ERAK

Zuzeneko erauzketa substratu harritsutik (Grenne et al.en arabera, 2011, aldatua)

Harlauza bat harri-matrizetik bereizteko, beharrezkoa da harkaitzean bertan zauri edo hozkada batzuez txikitzea, arra bete baten gisako distantziara bananduta direla, eta ondoren ziri batzuk sartzea, metalezko pletinekin edo gabe, eta gogor kolpatzea, arroka askatu dadin. Hareharria oso arroka gogorra da, eta egin zaizkion marka edo zaurietatik hausten da. Batzuetan, ziriak sartzeko eta harkaitza mozteko egin ziren hozkaden markak antzeman daitezke.

Harkaitza estratutik zuzenean ateratzen zutenean, "V" formako zirrikitu txiki bat zulatu behar zuten nahi zuten diametroaren inguruan, errotarriaren lodiera baino pixka bat goragoko sakoneraino. Gero, zirientzako hozkadurak egin eta pletinaz gainjartzen ziren gero ziri horiek, errazago mugitzeko; ondoren, mazoarekin jotzen zen, txandaka, pletinen gainean, harria askatu arte.

Behin harria harkaitzetik bereizita, gunerik erosoenera eramaten zen, han lantegia atontzeko. Harriari altxagarriak jarri eta perimetroa markatzen zitzaion alde batetik, eta gune hori pikatxoiarekin kolpatuz planeatzen zen; gero, begia ateratzen zen erdian, arroka osorik zeharkatu gabe, hautsi ez zedin. Harriari buelta ematen zitzaion, beste aldetik planeatzeko eta erdiko begia bukatzeko. Erdiko begia egitea zen faserik delikatuena.

Begia ateratzen ziriarekin

Begia amaituta duten oso errotarri gutxi aurkitu izan dira apurtuta, errotarria egiteko prozesuaren azken fasean, alegia.

Behin erdiko begia zizelkatuta, errotarria prest zen eskatu zuen errotaraino garraiatzeko.

5.-ASKOR-1

Askor inguruan 4 errotarri erremu katalogatu izan dira, eta bertan errotarriak egiteko harriak atera dira oso antzinatik, ziurrenik X. mendetik.

Toponimoa Oketa mendiaren hegoaldeko magalean den 90 hektareako pinudi handitik hartua da.

Lau eremuen artean aurkitutako 16 errotarriek 60 cm-tik 140 cm-ra bitarteko diametroak dituzte. Oso antzinakoak izan behar dute, beraz. Goroldioak hartuta daude harri gehien-gehienak. Askor 1-eko harrobiak 5 hektarea inguru dituela uste da, eta 10 errotarri aurkitu izan dira bertan.

Harrobitik oso hurbil Gison mugarria dago, 2 metroko altuerakoa. Baliteke historiaurreko menhir bat izatea.

5.-ERROTARRIEN ETA ERROTEN BILAKAERA

Zerealak izan dira, eta dira, gizakiaren elikaduraren oinarria, eta baita etxeko animaliena ere hein batean. Zerealaren alea jangarria da, baina bere bolumen guztiak ez du balio nutritibo bera. Alea irin bihurtu ahal izateko, eho egin behar da, eta, horrela, elikadura-balio txikiagoko elementuak bereizten dira.

Neolitikotik harria erabili izan da zerealak ehotzeko baliabide eta material txikitzaile gisa, huraxe izan da irtenbiderik egokiena, inguruko arrokak aprobetxatzen zirelako, pilatzeko ibilbide luzeak egin beharrik izan gabe. Lehenik, itsasontzi formako errota txikiak izan ziren, atzera-aurrerako mugimendu linealekin, ez baina oso emankorrak; gerora, berritu egin ziren, eta errotarria birakari bihurtu zen, bata bestearen gainean jirabiraka (gutxi gorabehera, 30 eta 50 cm bitartean) ibiltzen ziren errotarri txikiekin eginak, eta ia aldaketarik gabe iraun zuten halakoek mende askotan. Itsasontzi-itxurako errota txiki baten errendimendua 6 eta 8 kilo irin artekoa da eguneko, denbora eta ahalegin handia eskainita eta gero.

Errota birakariek bi pieza dituzte, finkoa behean (egonekoa edo “meta”) eta higigarria goian (birakaria edo ”catillus”a), eta eskuz eragiten zitzaioan. Hiru bider gehiago ehotzen zuen itsasotzi formako errotaren aldean, eta 20-25 kilo irin lortzen ziren eguneko.

Energia hidraulikoaren aprobetxamenduarekin, errotarrien diametroa handituz joan zen, eta hobetu egin zen haien gaitasuna eta errendimendua, 150 cm-tik gorako harri zirkularrak behar izateraino.

Oketa mendian 45 cm-tik 150 cm-ra bitarteko diametroa duten errotarriak aurkitu izan dira.

Azterketa historiko edo arkeologiko batzuen ezean, uste da jada X.-XII. mendeetan ustiatzen zirela Zigoitiko harrobiak.

XVII. mendearen erdialdera artoaren laborantza iritsi eta zabaltzearekin batera, errotak bikoiztu edo espezializatu egin ziren, zerealak eta artoa bi eremu bereizitan ehotzeko. 1802. urtean 15 errota zenbatu ziren Okarantzako mugarteetan Zubialde errekastoak mugituta. Carlos Martinek egindako ikerketa lan garrantzitsuan (Ruedas y molinos en Álava, 2003; Errotarriak eta errotak Araban, 2003) 49 errota zenbatu dira Zigoitian.

Muruko errota

XX. mendearen erdialdean, kalkulatzen da 150 cm-ko diametroko errotarriak zituen errota batek 3.000 kg irin baino gehiago lor zitzakeela egunean.

6.-OKETAKO "GIZON"A

6.-OKETA MENDIAREN ERAKETA GEOLOGIKOA

Kretazeo aroaren hasieran, duela 145 milioi urte inguru, itsasoko uren azpian zen egungo Euskal Herriaren zatirik gehiena. 15 milioi urte geroago, euskal-kantauriar arroak sakonera galdu eta gora egin zuen. Ondorioz, itsaso tropikal beroa sortu zen hemengo eremuetan.

Duela 120 milioi urte, itsaso tropikal horretan, hegoaldeko ibaiek legarrak, hareak eta limoak isurtzen zituzten iparralderantz; horrez gainera, kostaldetik bananduta, koralezko uharriak eratu ziren. Kostaldean, berriz, dinosauroek aztarnak utzi zituzten.

Duela 100 milioi urte, hondoratu egin zen itsaso tropikal horren arro sedimentarioa, eta gaur egungo kostaldeko flysch-a eratu zuten sedimentuen bigarrendar metaketa hasi zen.

Sedimentuek geruzetan metatu eta metatu jarraitzen dute, eta harkaitz itxurako gogortze prozesu horrek 60 milioi urtez iraungo du.

Iberiar plakak erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan mugitzen dihardu, eta hegoaldetik bultzatua da Eurasiar plakarantz, zeinarekin talka egingo baitu duela 40 milioi urte inguru. Alpetar orogenia gertatzen da, itsaso azpian zeuden sedimentuak altxatu egiten dira, eta tolestu, Kantauri isurialdeko eta Pirinioetako egungo mendiak eratuz. Tolestura horien artean, Trebiñuko eta Ebroko aintzirak eratzen dira.

Gorbeia mendiguneko harea harriztatuak uharrezko kareharrien gainetik altxatzen dira (Itzina).

Denboraren joanak eragindako higadurak gaur egungo egoera erakusten du, hegoalderantz hegaldun profilez osatutako paisaia berezi bat eratuz, Oketa menditik Oderiaga mendirantz hego-ekialdetik ipar-mendebalderantz doan Behe Kretazikoko hareharrizko zerrenda batekin, Aratza (Zigoitia-Zuia), Gorbeiagane (Orozko-Zeanuri-Zuia) eta Berretin (Zuia) mendiak zeharkatuz.

Hareharrizko harkaitzak historiaurretik erabili izan dira, bai monumentu megalitikoak eraikitzeko, bai errota-gurpilak egiteko nahiz lehengai gisa ere, hainbat eraikin altxatzeko. Hareharrien mugakide, uharrezko kareharri zerrendak ikus daitezke, antzinako itsaso tropikalaren hondar gisa.

7.-ASKOR 2-3

Askor inguruan 4 errotarri erremu katalogatu izan dira, eta bertan errotarriak egiteko harriak atera dira oso antzinatik, ziurrenik X. mendetik.

Toponimoa Oketa mendiaren hegoaldeko magalean den 90 hektareako pinudi handitik hartua da.

Eremu horretan aurkitutako 4 errotarriek 60 cm-tik 110 cm-ra bitarteko diametroak dituzte, eta 15 eta 25 cm-ko arteko lodiera. Goroldioz estalita daude harri gehien-gehienak. Harrobi horrek 1,5 hektarea inguru izan behar dituela uste da.

110 cm-ko diametroko errotarria

7.-ERROTARRIEN GARRAIOA. ANTZINAKO BIDEAK.

Gorbeiako hareharrizko harkaitzak 2,4 g/cc-ko dentsitatea du, gutxi gorabehera; horrek esan nahi du 100 cm-ko diametroa eta 20 cm-ko lodiera duen errotarri batek 400 kg inguruko pisua zuela. Lodiera bera izanez, 140 cm-ko errotarri batek bikoiztu egiten zuen pisu hori.

Errotarri bat maneiatzea eta lera (narria) batean kargatzea ez zen nolanahiko lana. Harria puska zitekeen hori ez bazen ondo egiten, leran modu egokian jarrita garraiatzean eror ez zedin. Zenbaitetan, tramankuluak prestatzen zituzten tokian bertan adarrekin, lurrean herrestan garraiatzeko. Ahardiak zeritzeten horiei. Garoak edo beste adar txikiagoak jartzen zituzten harri azpian, bidean hartuko zituen zartatekoak arintzeko.

Mendian bideak egokitzeko erremintak zituzten harginek, horren karga astunak ibarreraino jaisteko. Antzinako bide asko erabilerarik gabe geratu da, baina oraindik ikus daitezke mendi-mazelaren erdian Oketa, Aratza edo Pagazuri inguruetan; 2 metro inguruko (7 oin edo toise bat) zabalera dute, baita zerbait gehiago ere.

Mendi-hegala lau samarra zenean gurdiak erabiltzen ziren, idiek tirata, karga handiak eramateko, esaterako bi errotarri batera eramateko.

Egun, bideak eta beste egitura batzuk ere ikus daitezke, landaretzaz estalirik, kartografia eratorriko mapen bidez, lubakiak edo ikaztegiak esaterako, ortoargazki arruntetan antzematen ez direnak.

Inguruan aurkitu izan diren harrobietako batzuk, hain zuzen, itxuraz inora ez zeraman bide zahar baten ildoari jarraituz lortu dira. Artzainek ez dute halako biderik egiten, ikazkinek ere ez zuten horren bide zabal baten beharrik. Hortaz, zedarrituta geratu izan den ibilbidea harginek egin behar izan zuten, lan handiz eta eremua aurretik ondo ezagututa egin ere.

Bide sarea Oketa magalean (Lidar kartografia eratorria, GeoEuskadi).