Itzuli

Zigoitiak bat egin du "HAURREN AURREAN HELDUOK HELDU" ekimenarekin

Urriaren 19tik 29ra, hamar egunez, baliabideak eman eta ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko.

Zer da “Haurren aurrean helduok heldu”?

Urriaren 19tik 29ra, hamar egunez, baliabideak eman eta ekintzak proposatuko dizkiegu guraso eta zaintzaileei, euren arteko euskararen erabileran eragiteko eta umeekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko. Izan ere, umeekin egoten diren helduen hizkuntza-portaerak funtsezkoak dira, hain zuzen ere, umeen etorkizuneko hizkuntza-portaerak finkatzerakoan. Garbi esanda: oinarri-oinarrizkoa da gurasoek, zaintzaileek, aiton-amonek… umeen aurrean, ahal den neurrian, elkarrekin euskaraz egitea, eta umeei ere euskaraz egitea; beraiek baitira umeen erreferente nagusiak, baita hizkuntza kontuetan ere.

Beraz, gurasoen* arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza portaeretan eragitea eta euskararen erabilera areagotzeko aktibatzea da helburua, eta baita helduen hizkuntza ohiturek umeengan duten eraginaren kontzientzia piztea, eta, ondorioz, hizkuntzari dagokionez eredugarri izatea ere.

Eta zer egingo dugu ZIGOITIAN?

Ekimenak iraun bitartean, hainbat aholku eta baliabide eskainiko dizkiegu guraso, zaintzaile eta abarrei. Baina, urriaren 25ean (asteazkena), 17:00etan kultur etxean, JOLAS MOLAZ tailerraz gozatzeko aukera izango dugu: Familian jolasteko egitasmo aproposa; atera berri diren eta euskarazkoak diren mahai jolasak nolakoak diren eta nola jolasten den ikasteko tailerra.

Horrez gain, Gorbeialde osoan zehar ere egongo dira era horretako jarduerak. Hemen klik eginda ikus dezakezu herriz herri antolatutako jarduera programa.