Eñaut Elorrietaren kontzertua, maiatzaren 17an Manurgan
Euskaraldiaren testuinguruan, Zigoitia Euskaraz ekimenarekin bat eginda, kontzertu berezia izango da, "Ateosteko biraren" barruan.
Hurrengo lan luzea ondu bitartean, ATEOSTEKO BIRA eskainiko du Eñaut Elorrietak. Bira txiki eta berezia izango da. Antzokietatik irtenda, eliza, ermita eta baselizak lehenetsiko ditu ATEOSTEKO BIRAK. Harrizko hormak, egurrezko eserlekuak eta ahots lurtar bat: kantua kultuzko keinu gisa. Elizaren oihartzunaren kontra tematu beharrean, pareten erantzunarekin jolastuko du Elorrietak, harriari ahotsa ateraz, beste garai batzuetako kantuen memoria aktibatuz. Soinu eta argi-ekipo soil eta zainduarekin, ahots eta gitarra hutsez eskainiko du Eñaut Elorrietak bere ibilbide osoko kanten aukeraketa zabala. Kontzertu zuzenak eta biluziak izango dira, herri-kantuaren eta esperimentazioaren artean, ahotsaren posibilitateetan arakatuko dutenak.
Eñaut Elorrieta ibilbide luzea duen musikaria da, eta goiko sinopsiak jaso bezala, bira berezi batean murgilduta dago. Bira horren barruko emanaldia izango dugu maiatzaren 17an, 19:30ean, Manurgako elizan. Sarrera dohakoa izango da, aforoa bete arte.
Horrela, iaz Su ta Gar taldeko kideen emanaldiaz gozatu ondoren, Zigoitia Euskaraz ekimenaren barruan, Zigoitiko leku berezietan kultur-emanaldi berriak antolatzen jarraitzen dute lan-taldeak eta udalak.
Aurten, gainera, Euskaraldiaren testuinguruan izango da emanaldia. Beraz, lerro hauen bidez, kontzertua Euskaraldiaren txapa jantzita etortzeko gonbidapena egin nahi diogu mundu guztiari. Eman izena hemen, aukeratu ahobizi edo belarriprest rola, eta aurrera!
Irudi-galeria
Klikatu handitu nahi duzun irudi gainean