Itzuli

Dantza: "Besarkada"

Nerea Martínez & Natalia G. Muro

BESARKADA

EUS_Besarkada kontenplaziorako, isiltasunerako tartea da. Gelditasun egoeran diren gorputzak, irudiak, ikuspegi infinitukoak. Xehetasun bakoitza 360° -tan ageri da. Natalia G. Muro eta Nerea Martínez M. bikote lana, bi eskultura, bidaian zehar bidelagun izango dugun soinu paisaian bilduta; gure bizitzetako besarkada infinituetan gorde izan ditugun emozioak gogorarazten dizkiguten irudiz betetako lana. Gorputz lohitsuak elkar zizelkatzen, keinu bakoitzarekin eraldatuz, atzean arrastoa utziz. Presarik gabe. Harremanaren metafora, buztinezko eskultura baten erara, bizitzan zehar zizelkatutako adiskidetasunarena, bere lore eta arantzekin.Zizelkatzearen, eraldatzearen ideiak eta atzean utzitako arrastoek, espazio intimo eta hunkigarri bihurtzen dute Besarkada, ikuskizun dotorea gorpuztuz.

Nerea Martínez

Dantzaria eta interpretea
Bere sustraietan bilatzeko kezkak bultzatuta ekin zion Nereak sorkuntza lanari. Portugaletekoa jaiotzez, Elai Alai dantza eta musika tradizionaleko taldean eman zituen lehen pausuak eta talde horri zor dizkio dantzarako grina eta bertutea.

2017an BIRAKA sortzen du, bakarkako lana. “BIRAKA erronka pertsonala da, nire memorian arakatuz, izan nintzen gorputzetik naizen honetara bidaiatzeko desioa. Nire sustraiei eskainitako omenaldia”.

Bere lanaren ezaugarrietako bat, mugitzen den gorputzarekin espazioa partekatzen duten eta harreman horretan garatzen diren elementu eszenikoen erabilpena da; xehetasunen bila, dotorezia eta estetika eszenara ekarriz. Gorputzaren lanketa zehatz eta zorrotzak ere ezaugarritzen du bere lana.

Ana Rosa Tercerorekin trebatu zen dantza klasikoan eta Matxalen Bilbaorekin garaikidean. Gorputz Hezkuntzako Irakaskuntzan diplomatua izanik, Burgoseko Dantza Eskola Profesionalera joatea erabaki zuen, bertan dantzan sakontzen jarraitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso zuen azken ikasturtean.

Euskal Herriko nahiz Europa osoko koreografoak izan ditu irakasle. Jarrera irekia agertu du beti, gainerako sortzaile eta taldeekin kolaboratzeko prest. Euskal Herriko, Suitzako… taldeentzako interprete lanetan aritu da. Gaur egun Cía. Matxalen Bilbao eta Markeliñe antzerki taldeko partaide da.

Beste sortzaile batzuekin kolaborazio eta sorkuntza lanak egin ditu aurretik. 2018an Emakume Interprete Onenaren saria jaso zuen Bucaresteko FITC jaialdian, EURIAn egindako lanagatik.