Gorbeiako Parke Naturala

Gorbeiako ingurunea 1994ko ekainean izendatu zuten Parke Natural. 20.016 Ha dituenez, Euskal Autonomia Erkidegoko hedadurarik handienekoa da. Hektarea horiek Araba eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan banatuta daude.

Gorbeiaren jatorria orain dela 100 milioi urte baino gehiagokoa da, itsasoak estaltzen zuen garaikoa. Gerora, material horiek tolestu eta altxatu ziren eta milaka urtetan izaki bizidunak naturgune hori kolonizatuz joan ziren: pagoek, haritzek, ametzek, arteek, haltzek… hartu zituzten lur haiek baso zabalak eratuz, eta oraindik eta Arabako aldean baso horien lagin bikainak gordetzen dira. Ziurrenik, Gorbeiako gailurreko eguraldiak ez zuen zuhaitzik hazten utzi eta, hartara, goi mendiko larrea eratu zen. Zenbait gunetan lurraren ezaugarri bereziek eta euri ugariek gune hezeak sorrarazi zituzten, hala nola, lokazti bakanak, Altubeko hezeguneak edo jada desagertu den Saldropoko zohikaztegia. Itxina eta Aldamineko harkaitz mendiguneetako haitz itxuraz biluzien gainean landare bitxiak hazi ziren, hain ingurune ez-abegitsuan bizitzera egokitutakoak.

Adi-adi eta isilik paseatuz, baso igel gorria, gailurretako uhandrea, horma sugandila, oreina, orkatza, basakatua, okil handia, sai zuria, aztorea, harkaitz zozo gorria... entzun zein ikus daitezke, baso, hezegune, larre eta harkaizti hauetan bizi diren animalia ugarietako batzuk besterik ez direnak.

Gorbeiako Gurutze ospetsura igotzean pertsonak historiako milaka urtetan zehar utzitako “aztarna” hautematen da: monumentu megalitiko, larre, txilardi, errota, burdinola, baserriak… Baso birlandaketa gainazalak zabalak ere bai, egurra lortzeko landatutako pinu, laritz, altzifreekin

Argibide gehiago lortzeko (bidezidorren zerrenda, parkeko harribitxiak eta azpiegiturak eta zerbitzuak, besteak beste), begiratu Arabako Foru Aldundiko web orria.