Itzuli

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna

Erakunde Adierazpena

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.

Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.

Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala,  mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena.  Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute.  Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu .

Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua.   Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko

Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu;  baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak  aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.

Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta  irmo egon gaitezen lortutako eskubideak  defendatzeko eta , atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.

Horregatik, Zigoitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Politika publiko feministak bultzatzen jarraitzea, baliabide nahikoak ezarriz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra bermatzeko, genero-ikuspegia zeharka txertatuz udal-arlo guztietan.
  • Neutrala ez izatea berdintasuna eta indarkeria matxistaren existentzia zalantzan jartzen duten diskurtsoen aurrean, eta modu aktiboan jardutea emakumeen aurkako edozein diskriminazio, misoginia edo ukazio mota prebenitzeko, sentsibilizatzeko eta borrokatzeko.
  • Sentsibilizazio-, hezkuntza- eta prebentzio-ekintzak indartzea, bereziki ikasleentzat, funtsezko tresna baitira errespetuan, askatasunean eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzeko.