Gure Herriak

1500 biztanletik gora ditu 102,7 km²-tan banatuta, eta 17 herrik osatzen dute. Gorbeialdea Koadrilako bigarren udalerri handiena da, eta haren azaleraren zati handi bat Gorbeiako Parke Naturalaren barruan dago.

Zubialde ibaiak bustitzen du udalerria. Ibai hori Gorbeia mendian jaiotzen da, Mairuelegorretako leizeen ondoan. Kareharrizko substratua higatu ondoren sortuak dira leize horiek, beste hainbat bezalaxe (Arrillor, Artzegi, Asunkorta, Bernesko I-II...). Higadurak forma bitxiak eratzen ditu erliebean (lapiazak, leizeak, torkak...), Gorbeia mendiaren hegaletik hasi eta Arrato mendizerrara arte.

Aipatzekoak dira, Amaritu (787 m) eta Armikelo gainak (888 m) Arrato mendizerran. Letonatik joan daiteke beraietara, eta Gorbeia (1482 m), Pagazuri (1181m) eta Oketa gainak (1031 m), Gorbeiako Parke Naturalean. Muruatik joan daiteke bertara.

Udaletxea Ondategin dago, eta udal zerbitzuak Ondategi eta Gopegi artean banatzen dira: igerilekuak, pilotalekua, zentro soziokulturala, eguneko zentroa, Gorbeia haur-eskola eta Gorbeia eskola, osasun zentroa...

2001eko azaroan, Gorbeia Merkataritza Gunea ireki zen Etxabarri-Ibiñan, zineak, dendak, supermerkatua daude bertan... eta horrenbestez, zerbitzuen sektorearekin loturiko jarduera berrietara bideratzen ari dira udalerri horiek.

Kreditoak eta bibliografia

KREDITOAK

 

TESTUAK

  • Jatorrizko testuak, gazteleraz: ABADELAUETA ETNOGRAFIA ELKARTEA
  • Sarrera: ZIGOITIKO UDALA
  • Euskarazko itzulpena: ESAN TRADUCCIONES S.A., MANEX AGIRRE (“Gorostiza” , ”Baserri sakabanatuak eta hustutako herriguneak”)
  • Maketazioa: ZIGOITIKO UDALA, ABADELAUETA ETNOGRAFIA ELKARTEA

 

ARGAZKIAK

  • Argazki guztiak, argazki-oinean jabetza berariaz adierazten dutenak izan ezik, Abadelaueta Etnografia Elkartearenak dira, eta lan honetarako soil-soilik utzi zaizkio Zigoitiko Udalari (385 argazki)
  • Arabako Foru Aldundia -Quintas (25)
  • Arabako Artxiboa: ATHA-DAF-GUE (7)
  • Berrikanoko Batzorde Administratiboa (2)
  • Eusko Ikaskuntzaren Argazki Artxiboa (1)
  • V. PALACIOS. Inventario de arquitectura rural alavesa III (1)
  • CARRERAS CANDI. Geografía General del Pais Vasco-Navarro (1)
  • Google maps (1)
  • Buruagako Batzorde Administratiboa (1)
  • https://eu.wikipedia.org/wiki/Zigoitia (1)

 

BIBLIOGRAFIA

PORTILLA, M. Catálogo Monumental. Diócesis de Vitoria, t. VII. Cuartango, Urcabustaiz y Cigoitia. De las  fuentes del Nervión, por la sierra de Guibijo, a las laderas del Gorbea, Caja Vital Kutxa, Vitoria-Gasteiz,  2004

 AA.VV. Álava en sus manos,  Caja Provincial  de Alava. Arabako Kutxa, Vitoria 1983.

 PALACIOS, Victorino. Inventario de arquitectura rural alavesa. Estribaciones del Gorbea 1. Diputacion Foral de Alava. Vitoria-Gasteiz 1986

VERGARA, A. Ecos del Ayer, en Boletín de Información General. Zigoitia 1981-1985

 VERGARA, A. Saenz de Buruaga. Un linaje histórico en Cigoitia, Caja Provincial  de Alava. Arabako Kutxa, Vitoria 1983.

 ITURRATE, J. Ermita de Santa Lucía .Ondategui, Caja Provincial  de Alava. Arabako Kutxa, Vitoria 1983.

GONZÁLEZ SALAZAR, J. A. Cuadernos de Toponimia. Tomo 7 Toponimia Menor de Zuia. Vitoria-Gasteiz, 1996.

Zigoitiko Akelarrea aldizkaria, 1-7 zenbakiak. Zigoitia.

Berrikano eta Buruagako Batzar Arministratiboak

 

ZIGOITIA, MENDEETAN ZEHAR: HISTORIAURREA ETA HISTORIA

Gaur egun Zigoitia dagoen lurraldeak aldaketa asko izan ditu, bertan bizilekua zuten lehenengo ezezagunetatik hasi, eta gaur arte. Historiaurreko eta Goi Erdi Aroko garaietako bizimoduaren inguruan oso datu gutxi ditugu. Baina, denborak Zigoitiko historian zehar aurrera egiten duen heinean, dokumentazio gehiago dugu eskura, eta ingurune honek jasandako prozesu historiakoaren berri zabalago jaso dezakegu. Prozesu horretan, Zigoitiko herri bakoitza erreferentzia bat da, herriak ardatz hartuta josten baitira bertako bizitza, ohiturak eta gertaerak, Zigoitiari gaur egun duen izaera eta identitatea emanez.

Orri hauetan, modu orokorrean, prozesu horien zirriborroa egin dugu. Bizimodu aberats eta berezi baten lekuko diren prozesuak dira, eta herri bakoitzeko izen propioetan, egoeretan eta memorian hartzen dute beren lekua. Akelarrearen zenbaki honetako orrialdeetan izango dituzue xehetasun gehiago.

Laburpen historiko honen helburua da, era berean, prozesu horiek herri bakoitzeko errealitate sozialean, kulturalean, laboralean, politikoan eta erlijiozkoan kokatzea, izan ere, gaur egun Zigoitia zer den horrek erakusten baitigu.

Lehenengo biztanleak. Historiaurreko garaia

Zigoitiko gaur egungo lur-eremuko lehenengo biztanleak Historiaurreko garaietan aurkitu ditzakegu. Hala erakusten digute hainbat koba naturaletan aurkitutako okupazio-aztarnek, edo Paleolitotik hasi eta Burdin Arora arteko datazioa duten material eta hondakinek.

Gorbeiako lehenengo biztanleak  orain dela 150.000 urtekotzat jotzen dira. Arrillorreko kobazuloan 5 metrotik gorako sakontasuna duen sedimentu-biltegi bat du. Bere sekuentzia estratigrafikoan Goi Pleistozenoko (orain dela 40.000 urte) hainbat aztarna aurki daitezke. Ondoren, Neolitoan (orain dela 5.000 urte) artzaintza eta nekazaritza hasi ziren.

Bidekurutzen (Letonan) hainbat tumulu-lurperatze Eneolitoren aztarnak aurkitu dira; Zaitegin, San Migelen eta Genda gainean ere, aurkitu dira era horretakoak. Urisoloko kastroa, Arratoko mendizerran (Letonan), Burdin Aroko biztanleen bizileku izan zen. Garai hartan, nagusiki, ehizatik bizi ziren.

Antzinaroa, eta Zigoitiaren hasiera, Erdi Aroan; I. mendetik XII.era

Gure lurraldeko biztanleak karistiarrak izan ziren, hau da, gaur egun Arabak eta Bizkaiak hartzen dituzten lurraldeetan bizi zirenak. Erromatarren inbasioa iberiar penintsulara iritsi zenean (K.a. III. mendetik aurrera) bere eragina izan zuen Euskal Herrian, bai politikoa, eta baita kulturala ere. Hala ere, gaur egungo Zigoitiaren lur-eremua kanpoan  geratu zen, izan ere, bide nagusienak hegoalderago edo Kantauri Itsasoaren ondotik pasatzen baitziren.

Garai hartan, bizitzeko eta bizirauteko moduak nekazaritza, abeltzaintza, basoak, ehiza… ziren jada. Euskara zen beraien hizkuntza, erromatarrek Baskonia izendatzen zuten lurraldeko garai hartako hainbat tribuk bezala.

Gaur egun Zigoitian ditugun zenbait herri V. mendearen inguruan hasten dira sortzen, Erdi Aroko lehenengo mendeetan, kristautasunaren etorrerarekin batera. Hala ere, hainbat herriren izenak ez daude jasota VIII. edo IX. mendeak iritsi arte: Ocoizta (Acosta/Okoizta), Erihehi (Eribe), Cestafe (Zestafe). Eta desagertuta dauden zenbait herri ere agertzen dira: Murabe, Menea, Gernika. XIII. mendean ikus ditzakegu, lehenengo aldiz, gaur egun ezagutzen ditugun izen guztiak, “Arciprestazgo de Cigoitia” delakoan egindako inbentarioari esker.

Bisigodoak ere gerturatu ziren lurralde honetara. Zigoitian erritu espainiar-bisigotikoek izan zuten eragina argi ikusten da garai hartan gurtzen diren santuetan, eta guganaino ere iritsi direnetan: Santa Eulalia, edo Okoiztako San Bizente; azken honetako monasterioa erritu honen erreferentzia-gune izan zen, bertan dauden erlikiek eta santuek erakusten dutenez.

Arabiarrekin harremanak egon baziren ere, iberiar penintsulan ezarri zuten domeinuak eta kulturak ez du presentziarik inguru  honetan.

Zigoitia Nafarroako Erreinuan

Erdi Aroan, XII. mendera arte, Zigoitia, politikoki, Iruñeko Erreinuaren parte izan zen. Gero, Nafarroako Erreinuko parte ere bai: horren lekuko da Okoiztako monasterioak, emiliar zenobioaren menpean zegoenak, IX-X mendeetan Nafarroako erregeekin zuen harremana.

Gaur egun “Zaitegiko gaztelua” deitzen duguna, gerora San Bitorren ermita eraiki zen lekuan zegoena, itxura denez garai bateko gazteluaren zaintzarako dorrea zen. Gaztelua “Gazteluzegana” eta “Gazteluzoste” izeneko lekuetan zegoen kokatuta, eta Nafarroako Erreinuaren muga markatzen zuen, Antso III.aren garaian, Alfonso VIII.a errege gaztelarrak 1199an Gasteiz setiatu eta konkistatu zuen arte, Antso VII.a Indartsua zelarik errege. Orduan hasi zen Zigoitiak Gaztelarekin izan zuen harremana.

Garai horretan agertzen dira inguru horretako lehenengo bide garrantzitsuak: “ubi iniciat via Zatica” (Zatica bidea hasten den lekua), "sub defesa Erihehi usque ad via de Olleros" (Eribeko larrearen behealdetik Olleroseko bidera”), Gorbeiako magalak inguratuz.

Mende horietan hasten du bere bidea “Zigoitia” izenak. Hona hemen gaur arte izan duen garapena: Zuffia de Suso (1025), Zuffia Goitia / Zuhigutia (1233), Coygoitia (1257), Zuigoitia (1335), Suiguitxe Cigoitia (1457), Zigoitia (1995).

 

Zigoitiaren osaketa: Behe Erdi Aroa (XI-XV) eta Aro Modernoa (XVI-XIX)

Biztanleen bizimodua eta ohiturak ez ziren gehiegi aldatu Behe Erdi Aroan eta Aro Modernoan zehar. Denboraldi luze honetan, Zigoitia sozialki eta politikoki itxuratzen joan zen, Nafarroako Erreinuaren barruko Arabako Konderrian, lur-eremu horretako agintaritzaz eta administrazioaz arduratzen ziren jauntxo eta tenenteekin.

XIII. mendearen erdi aldera, jada Gaztelaren mende, Hurtadotarren eta Mendozatarren (Mendibilgo jauntxoen) jaurerriak bereizi ziren. Jauntxo hauek izan ziren “voluntaria entrega”ren protagonistak, hain zuzen ere, 1332an, Arriagako Juntan, Gaztelako Errege Alfonso XI.aren eta Arabako Ermandadeen artekoan.

“Hermandades y Tierras del Duque” deiturikoak, kuadrillatan antolatuak (horien artean, Zigoitikoa) beren domeinu eta jurisdikziopean zeuden, eta horrek bai herritarrei eta bai jabetzei eragiten zien. Erregeren zerbitzura zeuden, adibidez, gerrarako. Testuinguru horren barruan instituzio garrantzitsuak eratu ziren.

Zigoitiko Ermandadea eta Santa Luziaren Kofradia

“Santa Lucia de Theparua”ko belardian eta ermitan egiten zuen bere batzarra “Concejo de Justicia y Regimiento de la Hermandad de Cigoitia” delakoak. Horretarako, hainbat arrazoi zeuden; beste batzuen artean, festak eta errogatibak; eta, batez ere, bilerak eliza inguruan egiteko euskal ohitura jarraitzea ere hor zegoen. Ermitari itsatsita, eraikin bat jaso zen, mendebaldeko aldean. Gaur egun zutik dago, eta berau izan zen Zigoitiko lehenengo udalaren egoitza, udalak sortu zirenean. 1932an, Gopegira pasa zen udala, eta gaur egun Ondategin dago. Era berean, ermita horretan ebatzi ziren Zigoitiak bere ondoko udalerriekin zituen hainbat auzi.

“Zigoitiko Ermandadea” XVI. mendean jaso zen idatziz lehenengoz: “Apelación de Cigoitia a la Chancilleria de Valladolid” eta “Ordenanzas de la Hermandad” dokumentuetan, adibidez. Hala ere, XV. mendea baino lehenago sortu zela ere esan genezake, Legutioko Udal Artxiboko dokumentu batek aipatutako ermandadeari erreferentzia egiten baitio. Gaur egungo ordenantzak 1609koak dira: aurrekoak berrikusteko, urte horretako apirilaren 5ean “pertsonarik egokienak” izendatu ziren, “Zigoitiko ordenantza zaharrak berritzeko” eta “beste batzuk gehitu eta onartzeko”. Bertan, ermita izendatzen da Zigoitiko 17 herriak bilduta zeuden lau kuadrillen ohiko batzartoki gisa. Ordenantza horien arabera, Zigoitiko herrietako herritarrak aretoan bildu behar ziren, aiton semeen, hau da, herritar gehienen artean agintariak aukeratzeko, eta “nekazari onen” edo petxarien artean. Hauek, aldez aurretik, zuzen eta partzialtasunik gabe jardungo zutela egin behar zuten zin.

            Nabarmendu beharra dago, Micaela Portillaren arabera, Letonako dorreko jauntxoak, Manurgako Hurtado de Mendozatarrekin senidetuak, jende garrantzitsu eta gailentzat zituztela eskualdean. Ondategiko Santa Luziako Batzarretara joaten ziren, San Martin egunez, Zigoitiko aiton semeekin eta nekazariekin, ohiturak hala aginduta.

Kargu hauek – San Martinen, batzar itxian, aukeratuak – honakoak ziren: Ermandadeko Alkatea, Prokuradore Orokorra, herri bakoitzeko Erregidorea, bi Kuadrillakide, kuadrilla bakoitzeko lau Erregidore Fidel, eta herri bakoitzeko Mendizale bat. Azpimarratu behar da, Ordenantzetan jasota dagoen bezala, petxari edo nekazariek edo bilauek ezin zutela ofizio garrantzitsurik hartu, behe-mailako karguak soilik baizik.

Ermandadeak ermitarekin harreman estua zuen: bertako lanen gastuak ordaintzen laguntzen zuen, eta urteroko errogatiba ere antolatzen zuen.

Zigoitiko herritarren gizarte antolamendua

Duke eta jauntxoez gain, antolamendu sozialeko maila garrantzitsuenetako bat aiton semeak ziren. Batzuk, garrantzitsuak, beren jabetzan dorre eta etxe blasoidunak zituztenak. Beste batzuk, maila baxuagokoak, “petxari” izenekoak, eta beren zergak dukeari ordaintzen zizkiotenak.

Zigoitiko etxe nobleetan hainbat gizon garrantzitsu sortu ziren. Hauek, elizetan dohaintzak utzi zituzten, kapera propioak izan zituzten, aberastu ziren lurretatik (Mexiko, Filipinak…) ekarritako objektu baliotsuak oparitu zituzten…

Elizaren eragina oso garrantzitsua zen, kristautasuna nagusi baitzen bazter guztietan, XIII. mendetik XIX. mendera arte. Zigoitia inguruneko artzapezgo-barrutietako bat zen. Parrokietan elizgizon ugari zeuden, eta erlijioaren praktika, ohitura kristauak eta moraltasunaren kontrola ondo bermatuta egoteaz arduratzen ziren. Ermitak ere ugari ziren, 40 baino gehiago, eta zigoitiarrek erlijioari ematen zioten garrantzia handiaren lekuko izan dira, mende haietatik gaur egunera arte.

Herritarren bizimodua, eta beren ekonomia eta produkzio-bideak landa-eremukoak dira: nekazaritza eta abeltzaintzaren inguruan ardazten ziren harremanak, kultua eta ohiturak, beraz, jendeak bere gertuko eremuan egiten zuen bizimodua. XX. mende erdialdera arte ez zen hasiko Gasteizeko industrietan lan egiteko joera, eta, horren ondorioz, lana nekazaritza eta abeltzaintzarekin tartekatzekoa.

Zigoitian izan ditugun 28 errotak dira bertako nekazarien ekoizpenaren lekuko. Hala ere, zekaleen produkzioa ez zen oso aberatsa, lurrak pobre samarrak baitziren.

Zigoitia, XIX eta XX mendeetako gerren jokaleku

Bere kokalekuarengatik, Zigoitiak Konbentzio gerraren (1808-1813), gerra karlisten eta gerra zibilaren eragina jasan zuen.

Frantsesen inbasioak iraun bitartean, egurra, arropa, elikagaiak eta bestelako hornidurak eman behar izan zituzten, eta baita elizetako objektu baliotsuak ere. Frantsesen tropek Manurgan hartu zuten lekua, eta eliza-ataria erabili zuten, kalte handiak eraginez. Garai honetan ermita ugari desagertu ziren.

Handik gutxira hasi ziren gerra karlistak (1833-1876), eta horrek jendea gehiago pobretzea ekarri zuen. Zigoitia leku estrategikoan zegoen, eta horrek bere ekonomiari ondorio larriak ekarri zizkion, parrokietako fabrika-liburuek eta udal kontu-liburuek erakusten dutenez. Jasota daude herri-jabetzako ondasunen hainbat eta hainbat salmenta, “tropak hornitzeko eta herritarrei laguntzeko hornidurak”, espezia eta dirutan, erosteko helburuarekin egindakoak.

Azkenik, gerra zibilaren (1936-1939) ondorio tragikoak ere jasan behar izan zituen Zigoitiak, bere herrietan eta etxeetan, eta baita elizetan ere. Hala ere, ondoriorik larrienak herritarrek jasan zituzten, beraietako asko etxea utzi eta kanporatuak izan baitziren.

Aro Garaikidea (XIX-XXI mendeak) Zigoitian

Gerren ondorioak mingarriak eta zailak izan arren, Zigoitiak bere bizitza estiloa, ohiturak eta lan egiteko modua mantendu zituen, eta bere burua berregitea lortu zuen.

Garai honetan gertaera sozial, ekonomiko, kultural, politiko eta erlijiozko garrantzitsuak bizi izan ditugu. Horien artean, nabarmendu beharra dago, bereziki, Zigoitiko eskolen sorrera, bereziki XX. mendetik aurrera; ondoren, Escudero Fundazioaren (1962-1972) eskola kontzentratua, estatuko lehenengoa; gaur egungo Gorbeia Eskolara iritsi arte.

Ondare artistiko eta kulturala

Merezi du aldizkari honen zenbaki bat Zigoitiko arteari eskaintzea, udalerriaren historiaren lekuko baita. Lerro hauetan, Zigoitian dagoen ondare  zabal eta aberatsaren erreferentzia soil batzuk egingo ditugu. Zigoitiko ondarearen ikerketa nagusia Micaela Portillak argitaratu zuen, Gasteizko Diozesiaren Katalogo Monumentalaren VII tomoan (Zigoitiari eskainitakoan). Erdi Aroko arte prerromanikoa eta erromanikoa, eraikinak, pintura eta irudigintza gotikoa, Errenazimenduko arte erromanista, gotikoa, eta, batez ere, Barrokoa, Neoklasikora eta gaur egungo artera iritsi arte. Adierazpen artistiko guzti horiek Zigoitiko herrietan banatuta daude, eta ahaztu eta ezagutu gabe utzi ezin den iragan baten ondare garrantzitsua osatzen dute. Zenbaki honetan jaso dugun herri bakoitzaren deskribapenean daude jasota artelan horiek guztiak.

Ahaztu gabe, noski, propio landa-eremukoa den artea, etxeen eraikuntza-moduetan, artisautza-lanetan, monumentuetan… garbi ikusten dena. Zigoitiko baloreak eta kultura adierazten dute horiek ere.

Euskara Zigoitian

Euskal Herriko hizkuntza, bertako herritarren zatirik handienak hitz egin zuen Aro Modernora arte, eta ingurune bakoitzak bere berezitasun linguistikoak zituen. Gutxinaka, euskararen erabilera gutxitzen joan zen, Zigoitiko lur-eremuko iparraldeko herrietan (Manurgan, Etxaguenen, Muruan…) mantendu zen arren, XX. mendera arte. Frankismoan, euskara ia guztiz desagertu zen, familia batzuetan kenduta.

 XX. mendearen amaiera aldera, berreskurapen-fasea hasi zen, eta gaur egun ia ume guztiak euskaldunak dira, eta baita gazteak ere. Era berean, helduak ere ahalegin handia ari dira egiten euskara praktikara eramateko.

            “Zigoitia Euskaraz”, kultur jarduerak, eta bestelako ekimenak, eta Udalaren zerbitzu elebidunak, Zigoitiko hizkuntza historikoaren berreskurapenaren adibide dira.

Azken urteotako Zigoitiko populazioaren garapena

Azken urteotan, mende aldaketan (XX-XXI mendeak), Zigoitian populazioaren bilakaera ikusgarria bizi izan dugu. 1900 urtetik aurrera jaitsiera demografiko progresiboa bizi izan genuen: 1.238 herritarretik, 763 herritarrera jaitsi zen. 1988tik aurrera, herritar berriekin, populazioa lehengo mailara gerturatzen hasi zen, eta gaur egun, Zigoitiak, 1800 herritar ditu.

  Zigoitiko historiaren erreferentzia labur hauekin –ikerketa zabalago bat egitea beharrezkoa dela ahaztu gabe– bi mila urte baino gehiago bildu ditugu. Urte horietan guztietan, gaur eguneraino iritsi den prozesua ehuntzen joan da. Memoria, beharrezkoa da Euskal Herriko eremu honen identitatea gorde eta garatzeko, eta bertako herrien arteko harremanak egiteko. Zigoitiko herri bakoitzak bere izaera du, ondorengo orrietan, herri bakoitzaren historian, ikus dezakegun bezala. Herri horien arteko harremanak izan dira gaur egungo Zigoitia eraikitzen joan direnak

Acosta/Okoizta

Acosta-Okoizta

Gorbeiatik eta Oketa menditik jaisten diren hegaletan Acosta/Okoizta dago, 663. metrora, Aldai mendiaren behealdean.  Herrira Gopegitik sartuko gara, Zestafera ere doan errepidearen bidez; aipatutako errepidea bitan banatzen da aipatutako herrietara iritsi baino lehen.

Milaka urteko historia

IX. mendean (871. urtea) izan genuen “Ocoizta” herriaren inguruko lehen berria, han “San Vicente de Ocoizta monasterioa" baitzegoen.   Aemilianensis zenobiokoa zen.  Donemiliagako Kartularioan monasterioa aipatzen da, Arroncio jaunak, Tello semeak eta beste pertsona batzuek “San Vicente de Ocoizta”ri eta Santa Grazia eta San Martin elizetako Pedro abadeari (Estabillon daude biak) egindako dohaintzen ondorioz, eta zenbait jabetza eta esparru ere gehitu zituzten.   1067an, San Bizente Ocoiztako monasterioak zenbait dohaintza jaso zituen Goroztizan eta Eggagoienen (Etxaguen), eta Nuño apezpikuak Done Millani eskaini zion.

Dohaintza horiek guztiak   —dohaintza-eskutitzak berak azaldutakoaren arabera— "ubi iniciat via Zatica" (bide Zatikoa hasten den lekuan), "sub defesa Erihehi usque ad via de Olleros" (Eribeko dehesaren azpian Olleros bidera arte) zeuden, Gorbeiako hegalak inguratuta.  Monasterioak Abarka izeneko Antso Gartzes II. errege nafarraren onarpena zuen; erregeari esker, abadeak lortu zuen elizbarrutiko apezpikuari tertziarik ordaintzeko beharrik ez izatea.

“Ocoizta” herria, hortaz, IX. mendetik agertzen da.   Milaka urteko igarotze-lekua izan zen Zigoitia zeharkatzen dituzten bideetan ibiltzen ziren mandazainentzat, eta goi Erdi Arotik dago horren inguruko agiriren bat: “Bide Zatikoa" edo “Olleros bidea” zen (Zaitegitik Ollerietaraino), eta ondoren, “ikazdunen bidea” izena hartu zuen (Aramaiotik Urduñara).

Zigoitiko ordenantza zaharren arabera (1609an berritutakoak), Acosta/Okoizta Ermandadeko hirugarren kuadrillan zegoen (lau ziren guztira).  Gopegik, Larrinoak, Muruak, Etxaguenek, Goroztitzak, Acosta/Okoiztak eta Zestafek osatzen zuten aipatutako Kuadrilla.

Acosta/Okoiztaren herrigune garrantzitsuena “Lisalde” auzoa izan zen (elizaren ondoan).  1737. urteko ordenantzetan jasota eta berretsita daude “antzinatik jasotako” ohiturak, erabilerak eta usadioak.

Acosta/Okoiztako herritarrek batez ere abeltzaintzan egiten zuten lan, larreez eta basoko fruituez baliatzen ziren.  Hori dela eta, XVI. mendeko agirien arabera, Okoiztako San Bizenteren eliza-parrokian “elkartzeko erabilera eta ohitura” zuten, mendien aprobetxamenduen inguruko gaiez hitz egiteko; “Berrikano, Eribe, Acosta/Okoizta, Zestafe, Etxaguen eta Gorostitza kontzejuak elkartzen ziren”.

Bilakaera demografikoa

1556an 22 familia bizi ziren Acosta/Okoiztan.  Handik mende batera, biztanle kopurua erdira murrizu zen.   XVIII. mendean biztanleria suspertu egin zen. Garai harten Acosta/Okoiztak 22 familia zituen, eta mendearen amaieran 25. XX. mendearen hasieran 19 bizilagun ziren, eta ondoren 24; guztira, 135 biztanle.  XX. mendetik aurrera gero eta gutxiago izan ziren, eta 1970ean zazpi familia eta 45 biztanle ziren.  Egun, Acosta/Okoizta zabaldu egin da eta etxe eta herritar gehiago ditu: 52 biztanle dira.  

Acosta/Okoiztako eliza-parrokia

Ez dakigu non eta noiz arte egon zen San Bizente monasterioa.  Baina ematen du egungo parrokiaren eraikuntza gotikoa (XV. mendea) monasterioaren ondorengoa dela, eta San Bizente izena hartu zuela (Acosta/Okoiztako zaindaria); gainera, garai jakin batzuetan ordena monastikoko zenbait parroko edo erlijioso izan zituen.  

1589an, dagoeneko, Acosta/Okoizta parrokian Arrosarioko Andra Mariaren  Kofradia zuten, “Zigoitiko ermandadeko kapera-seme zaldunena”; kide ziren eskualde osoko eta alboetako herrietako zenbait anaikide noblek, baita Gasteizko batzuek ere.  

Fabrika gotikoko eraikuntzak oinplano angeluzuzena du, goiburua zuzena da eta hiru tarteko nabea du. Nerbio-gangekin estalita dago, eta gangan izarrak, San Bizente eta, agian, Done Millan daude irudikatuta.

Erretaula nagusi neoklasikoa XIX. mendearen erdialdekoa da, eta aurreko beste “zahar” baten ordez jarri zuten.  Erdiko horma-hobian San Bizenteren irudia dago, eta zutabeen artekoetan, San Josef eta San Antoniorenak.  Irudiak “Pagoetako santu-egileak” izeneko zirkulukoak dira, eta Alejandro de Valdivielsok egin zituen.

Alboko erretaula Andra Maria Arrosariokoari eskainitako dago, XIX. mendekoa da, eta izen hori duen Kofradiak jarri zuen.

Kanpai-horma ez oso garai baten ordez egungo dorrea eraiki zuten. Dorrean lehen erlojua jarri zuten 1879an, eta bi kanpai XVII. mendearen hasieran. Ondoren, 1865ean, dunba jarri zuten.

Atxikita dagoen hilerrian (“gobernuak aginduta egin zen”), Acosta/Okoiztako bizilagunak hilobiratzen hasi ziren 1811n. Ordura arte, elizaren lauzen azpian sartzen zizuten, mezetan igandero pizten dituzten kandelek gogoratzen diguten bezala.  Hilerriaren atean, armarri handi bat dago, eta “tao” edo San Antonioren gurutzea du.

  Acosta_img_5801_quintas

Acosta/Okoiztako jaiak

San Bizente egunean, urtarrilaren 22an, ospatzen dira. Oso ezagunak dira eta jende askok hartzen du parte santuaren ohorezko erlijio-ospakizunetan eta, hotz handia egiten badu ere, jai-giroa animatzen duten ekintza ugarietan.

Gainera, txoko bat du, eta asteko zenbait egunetan herriko hainbat lagun biltzen dira.     

Apodaka

Apodaka_img_7000_quintas

Apodaka herria Zigoitiko udalerriko hego-mendebaldean dago.  Foronda udalerri zaharreko herriak ditu mugakide; egun, Gasteizen sartuta daude aipatutako herriak.

Handik gertu Gasteiz-Altube autobidea dago (N-622), eta hortik herrira iritsiko gara Gopegirako bidegurutzea hartu, eta berehala Apodakara desbideratzen bagara.

Batezbesteko garaiera 550 metrokoa da, eta udalerriko herrien artean, leku baxuenean dago.

Historia

Ez dakigu noiz sortu zen Apodaka herria, baina aipatuta dago Donemiliagako Reja izenekoa ordaintzen zuten arabar herrien zerrendan, 1025. urtekoan, alegia. Agiri horretan ez da esaten ondoren Zigoitia izena izango zuenaren barruan zegoenik (garai hartan, Zuffia de Suso eta Zuffia de Yuso), Divina barrutian zegoela baizik, Mendebaldeko Lautadatik gertuko beste herri batzuekin batera.

Erdi Aroan, komentu bat zegoen Apodakatik gertu, eta ohituraren arabera, zaldun tenplarioena izan zen; ondoren, Maltako San Joan zaldunen ordenak hartu zuen horren ardura.  Eliza, Askoako Andra Maria, baseliza izan zen XVIII. mendera arte.  Herriko elizan ondoko lekukoak gelditzen dira: Askoako Andra Mariaren irudia (Andra Mari motakoa) eta baselizako bi kapitel; horiek guztiak XIII. mendekoak dira.

Biztanle kopurua egonkorra izan du, urteen barrena zenbait gorabehera izan baditu ere:  1570. urtean 33 herritar ziren, eta aurreko mendearen amaiera arte 100 bat biztanle inguru izan dira beti; egun, 163 dira.

Apodakako ohiko ekonomia nekazaritzan (zerealak eta erremolatxa, batez ere) eta abeltzaintzan oinarritu da.  Abeltzaintza desagertu da eta, gainera, ez dago bakar-bakarrik nekazaritzari esker bizi den inor.  Azken hamarkadotan, inguruan zenbait lantegi eta biltoki jarri dituzte hainbat jarduera gauzatzeko.

Herrigunea

Apodakako lehengo baserriak bi auzotan daude:  Goikolanda edo Goiko Auzoa elizaren inguruan, eta Bekolanda edo Beheko Auzoa, ibaiaren ertzetik gertu.  Aurreko mendeko amaieran hirugarren auzo bat sortu zen, Parranburu urbanizazioan zenbait etxe berri eraiki zituztenean.

Goikolanda auzoan eliza eta herriko elementu komunak daude:  kontzeju-etxea, orain dela gutxi zaharberritutako txoko eder batekin, bolatokia eta iturria.

San Martin parrokia nabarmentzen da gainontzeko eraikinetatik.  Nabe bakarreko eraikin bat da, areto-oinplanoa du eta barrualdean zenbait kontrahorma ditu. Presbiterioko ganga izar-itxurakoa da, XV. mendearen amaierakoa; tenpluaren gainontzeko atalak baino zerbait zaharragoa da. Hiru tarteak nerbio-ganga tertzeleteduneko gangekin estalita daude, eta XVI. mendekoak dira.  Erretaula rokokoa askotan zaharberritu dute.

Askoako Andre Mariaren irudia oraindik han da (XIII. mendearen amaierakoa); Enkomenda Tenplario zaharretik ekarritakoa. 

Inguruneak

Herrigune nagusitik kanpo baziren hiru ostatu, Arabako Lautada, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen zituzten bidegurutzeetan: Grillo eta Lendiako ostatuak ziren. Hirurak desagertu ziren autobidea eraiki zutenean.

Mendebaldean, bi zuloko zubi zahar bat zeharkatuz, Arrato mendiak daude; ez dira oso garaiak:  gailur nagusiak Amaritu (788 metro) eta Armikelo (888 metro) dira.  Mendi horietako landaretza, alboko Gorbeiaren aldean, batez ere mediterraneokoa da, arteak, "guirguirio" izenekoak eta gurbitzak dira nagusi.

Arrato mendilerroaren oinaldean antzinako Enkomienda Tenplarioa zegoen; ondoren, Askoako Andre Maria baseliza bihurtu zen.

Herritik paraleloan herria dago, eta hortik Zadorrara iritsi arte Zalla izena du ibaiak. Dena dela, Apodakatik gora, Gorbeia menditik jaiotzen denetik alegia, Zubialde ibaia izena du.  Erdiko tarte horretan, ibaiak zenbait zulo ditu; ura barrura sartu, eta ondoren azaleratu egiten da, adibidez, Lendia putzuan (Apodaka herritik gertu). Lendia ahoaren aurrealdean estolda-zulo bat dago, eta azpiko ura Forondaraino eramaten du; pixka bat aurrerago Ugaon sortzen den beste bat dago (errota baino lehen) Etxabarri Ibiñara doan bidean; horrek, errotatik igaro ondoren, berriz Iturrizabaleta ibaira eramaten du ura.

Berrikano

Berrikano_img_6436_quintas

Leku lau txiki batean dago; Lautadatik Zigoitiko ibarrera joateko igarobidea da. Handik gero eta jende gehiago joaten da komunikazioak hobetu direlako eta antzinako bide partzela-bideak asfaltatu zituztelako 2000. urte inguruan.

Historia

1257an Verricano zen, eta 1294an Berrikano; kutsu latino handiko izena da, Araban ohikoa den bezala.  Dena dela, lehengo aipamen historikoak XIII. mendekoak dira, ibarreko herri askotan gertatu den bezala, Jeronimo Aznar Calahorrako apezpikuaren eskutitzean jaso baitzen, non Tarifako kanpainarako bigarren aldiz emandako kopurua agertu zen; Etxebarri eta Mendarozketa kenduta, Zigoitian gehien eman zuena izan zen. Horrek egoera ekonomikoa ona zela adierazten du, eta eliza erromanikoaren aberastasunak ere hala erakusten du (mende berekoa da).

Oparoaldi ekonomikoaren berri agertzen da XVI. mendeko agirietan, egungo eliza handitu zutenean eta 1560. urtean, gutxi gorabehera, erretaula platereskoa eraiki zutenean. Garai hartan Berrikanok hogei bizilagun zituen, eta handik aurrera kopurua murrizten joan zen:  XVII. mendeko krisialdian, zazpi ziren, hamar XVIII. mendean eta hamaika hurrengo mendean, hirurogeita hamar bat biztanle.

XX. mendeko agiri anitzetan 30-40 biztanle aipatzen dira; 12 etxe zeuden hasieran, gero zazpira murriztu zen kopurua (20 biztanle), 80ko hamarkadan. Zazpi etxeek Buruagako bide zaharraren lerroan ziren, eta erdian eliza zegoen.  Egun, nukleo zaharra mantendu da neurri handi batean, baina horietako hiru etxe zaharberritu egin dituzte.  Batzuek ohiko egitura, leihoburuak, eskudeteak eta gurutzeak dituzte.  

L.L. Bonaparteren arabera, 1860. urtean, gutxi gorabehera, Buruagan oso euskaldun gutxi ziren; hortaz, euskara garai hartan galdu zutela esan dezakegu.

Laurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera asko handitu da herria, batez ere hegoalderantz. Zenbait urbanizazio txiki egin dira, eta horri esker, inoiz baino etxe gehiago ditu: 2013an 70 bat etxe eta 101 pertsona erroldatuta ziren, gehi egoiliarrak eta 14 adingabe.  Ibarrean proportzionalki gehien hazi den herria da.

Herriaren ekonomia nekazaritzan eta artzaintzan oinarritzen zen, baina bertan behera geratu ziren; dena dela, egun guztira bi familia bizi dira lan horri esker (lan horri soilik edo beste lan batekin batera).

Edateko ura eta argia Berrikanora 1977. urtean iritsi baziren ere, beste zenbait lan laurogeita hamargarren hamarkadan egin ziren, herria handitu zenean, adibidez, estolderia eta asfaltatze-lanak.  Urte haietan konpondu zituzten eliza eta herriko bolatokia.  Ondoren, hilerria zaharberritu zuten, hiru jolas-eremu jarri zituzten eta Kontzeju-aretoa eraiki zuten 2002. urtean. Horiekin guztiekin, herriak baditu behar dituen zerbitzu guztiak.

Harlandu elkarteak jarraitu du erakundeek herria berpizteko hasitako dinamikarekin, eta zenbait kultura-, gastronomia- eta kirol-ekintzak antolatzen ditu; adibidez hiru bolo talde daude, eta blogaren bidez suspertzen ditu.

Herriko jaiak irailaren 8an, Andra Maria Birjinaren Jaiotzaren egunean, ospatzen dira.

Jaiotzaren Eliza

Egungo eliza lotura estua du Berrikanon jaiotako Joan Saenz de Buruaga jaunaren irudiarekin (1707-1777). Segovian kalonje, Lugoko apezpiku, Zaragozako artzapezpiku, eta errege-aholkulari izateaz gain, zenbait dohaintza egin zituen eta eliza asko aberastu zuen:  zoladura, alboetako erretaulak eta urreztatzea, hasiera batez; eta ondoren, erdialdeko erretaula eta zenbait dohaintza garrantzitsu egin zituen (esaterako, erlikia-ontziak eta apaindurak).  Hil ondorengo beste zenbait dohaintzari esker (denak agirietan jasota daude), elizaren dorre neoklasikoa altxatu zuten (bi gorputz ditu) XVIII. mende amaieran.

Harlangaitzezko eliza angeluzuzenak bi alboko kapera ditu goialdean, eta apaizaren etxea eta horren gelak ditu atxikita (1802) —egun,  etxebizitza da—, baita sakristia ere.  Kanpoaldean bi leiho interesgarri ditu, erromaniko bat ekialdean, eta abside itsu bat duen beste bat, artzapezpikuaren armarriarekin, 1859. urtean jarritakoa; herrian eraikitzen agindu zuen jauregitik ekarri zuten. Jauregia XIX. mendearen erdialdean desagertu zen.

Barrualdea ez da oso handia, baino balio handiko multzoa da.  XVIII. mendeko bigarren erdialdean urre-koloreko erdiko erretaula eraiki zuten, eta dohaintza egin zuenak erabaki zuen erretaula errenazentistaren “hamabi istorio” ederrei markoa jarri, eta elizaren nabean jartzea.  Artzapezpikuaren inguruko beste zeinu batzuk badira: apezpiku-sinboloak dituen baranda eta hilobi-harlauza presbiterioan.

Alboetako urre-koloreko erretaulak San Prudentzio eta Andra Mariaren Arrosariokoari eskainita daude. Horiek eta sakristiak (apaingarri anitzekin) edertasun eta aberastasun handiko barrualdea osatzen dute .

San Rokeren irudia, aldarearen ondoan, ermita zaharraren aztarna gutxietako bat da. Eriberekin partekatzen zuten San Roke ermita, eta joan den mendeko berrogeita hamargarren hamarkadan erautsi zuten.

1838. urtean, lehen gerra karlistaren amaieran, Zurbano jeneral liberalak eliza erretzea agindu zuen, baina azkar alde egin zuenez, laster itzali zuten sutea eta ez zuen kalte konponezinik sortu.

Inguruneak

Elizaren ondoan harrizko gurutzeria dago, Gurutziltzatuaren erliebeak ditu albo batean, eta bestean Andra Maria umearekin. Gurutzea zutabe joniko ildaskatuaren gainean dago.  Herriaren irteeran, Gopegi-Ondategirako bidean eta herritik oso gertu, iturria eta garbitokia daude; oso ondo zaharberritu dituzte. 

Buruaga

Buruaga

2000. urtean asfaltatze-lanak egin arte, errepidea Buruagan amaitzen zen: Eribek, Berrikanok eta Buruagak osatzen zuten triangeluaren azken muturra zen. Aipatutako herrien arteko bizitza soziala oso lotuta egon da hurbiltasuna, senidetasunak, berdintasunak eta komunikazio eza direla-eta.  

Buruagak Zigoitiko ibarraren amaiera eta Lautadarako sarrera markatzen ditu 609 metroko garaiera duen muinotik. Horri esker, leku pribilegiatua dugu.

Historia

1087an, dagoeneko, egungo izenarekin idatzita agertu zen agirietan.  Urte hartan, zenbait noblek Kukulako Done Millan monasteriori Buruagan lurra eta zenbait dohaintza “hiru nekazari-morroirekin” eman zizkioten. Nekazari-morroiak Galindo jaunaren lurrei atxikitako kolonoak ziren.

1257. urtean herrien nominan (Jeronimo de Aznar Calahorrako apezpiku jaunaren garaian agindutakoa), hurbileko ondoko eremuak aipatzen dira: "Guernica" eta "Ullivarri Araca".  1292an Buruagak 360 marabedi eman zituen Tarifaren aurkako kanpainarako. Kopuru handia zen, inguruko herriek emandakoaren aldean, eta horrek garai oparoa zela adierazten du.  

Buruagako bizitzak eta biztanleek lotura sendoa dute nekazaritzako ekonomiarekin, bai une onenetan (XIII. eta XVI. mendeetan, hogeita bederatzi bizilagun eta sei apaiz onuradun zituen), bai une latzenetan. Esaterako, XVII. mendean landa-krisialdia oso gogorra izan zen, eta biztanle kopurua eta aberastasunak asko murriztu ziren.

Zerbait berpiztu ondoren, XVIII. mendean hogeita hiru bizilagun (112 biztanle) ziren, denak nekazariak. Pixkanaka kopurua murrizten joan zen XX. mendera iritsi arte. Mende hartan, hogeita hamar bat biztanle izan zituen ia beti, 1982an 22 baino ez baziren ere.

Laurogeiko hamarkadaren azken urteetan, bederatzi etxe zeuden; horietako lau zaharberritu zituzten eta jatorrizko itxura dute oraindik ere; beste hiru guztiz abandonatu zituzten, bat eraitsi zuten eta artzainaren etxea Kontzeju-etxe gisa erabiltzeko zaharberritu zuten.   Isolatuta bazegoen ere, edo agian isolamendua dela-eta, hazkundea oso motela baina harmonikoa izan zen urte haietatik aurrera antzinako bideak osatzen duten ardatzean.

L.L. Bonaparte printzearen arabera, 1860. urtean, gutxi gorabehera, Buruagan oso euskaldun gutxi ziren; hortaz, euskara garai hartan galdu zutela esan dezakegu.

Buruagari buruz gorde eta sailkatu den dokumentazioak oso datu historiko interesgarriak erakusten ditu, adibidez, zuraren zenbait artisau zirela, 1600. urte inguruan jostun bat zutela eta XVIII. mendearen amaieran mihise edo liho fabrika zutela. Gainera, hurbileko herriekiko  muga-harremanak, ohiturak edo herriko historiaren zenbait pasarte ere jaso ditu, eta dokumentazioagatik ez balitz, ez genituzke ezagutuko.  

Buruagako egungo ekonomia zerbitzuen menpe baldin badago eta Gasteizekin lotura badu ere, nekazaritza-ohiturarekiko nolabaiteko harremana ere badu: bi familiak nekazaritzan egiten dute lan (guztiz edo modu partzialean), beste batek trokelatze-tailerrean artisautza-industriarekin jarraitu du eta abeltzaintzak dirau behi eta ardien granja bati esker.

Herriko estolderia, argiteria eta asfaltatzearen oinarrizko zerbitzuak 2006tik aurrera egin badira, eta errepideak, edateko urak eta argiak 35-40 urte baldin badituzte ere, Buruagako hogeita bi etxek eta 43 bizilagun erroldatuk bizitzeko moduko talde atsegina osatu dute iturria eta Kontzeju etxea berritu eta berreskuratu ondoren.

Jaiak iraileko lehen larunbatean ospatzen dituzte.

San Esteban eliza

Herriaren goialdean dago.  XVI. mendearen amaierakoa da; ekonomia-oparotasun handiko garaia zen.  Harlangaitzezko oinplano angeluzuzena du, eta kontra-hormak sendoak dira.  Harriz lauzatutako antzinako zorua du.  Dorre atxikiak bi gorputz ditu, XVIII. mendekoa da, eta Berrikanokoa egin zuen harginak hemengoa ere gauzatu zuen.

Barrualdean, goialdeko erdialdean XVII. mende hasierako erretaula nagusia dago: San Estebanen irudi ederra eta goian Gurutziltzatuaren irudia ditu.    Alde bietan bi erretaula barroko daude (XVIII. mendekoak), Sortzez Garbiaren eta San Josefen tailuak dituzte.   Atzealdean beste erretaula bat dago, Kristo Santuarena, eta horrek bi armarri ditu; Domingo Gonzalez de Etxabarri jaunarenak dira. Buruagan jaio zen eta lehen Borbondarren gorteko errege-idazkaria izan zen.

Azken urteotan ez dira barrualdea eta kanpoaldea zaindu eta, hortaz, premiaz zaharberritu beharko dira. Estalkia eta barruko hezetasunak dira eraikin eder horretan konpondu beharreko lehen eremuak.     

Elizari atxikitako eraikinari aipamen berezia egin behar zaio: jatorriz eliza erromaniko bat zen, eta nabe arkudun bat baino ez da gelditzen. XII. mendearen amaierakoa edo XIII. mendearen hasierakoa da, eta espiritualak ez diren bestelako ekintza batzuetarako ere erabili da: herriko bolatoki gisa edo abereak sartzeko.  Zigoitiko eraikin zaharrena izan daiteke, balio historiko eta artistiko handia du, baina erdi hondatuta dago.  Administrazio Batzarra konpontzen saiatu da; baina ezinezkoa izan da, oraintxu arte. 2016ko udazkenean Apezpikutzak doantzan eman dio eraikuntza herriari, eta 2017an zehar konpontze-lanak hastekoak dira teilatuan eta kanpoko hormetan.     

Erdi Aroko bataiarriak eta apaindura interesgarri batek osatzen dute arreta behar duen elizaren ekipamendu eskasa.                   

Inguruneak

Nabarmentzekoa da harrizko putzu pribatua, ez da oso sakona eta ura du, herriko irteeran, Eriberako bidean dago, Ubandi ubidetik harriz harri ekarritako iturritik hurbil.

Hegoalderantz eta nekazaritza-granjatik hurbil leize-zulo bat dago; zuloa aztertu egin dute eta esaten dute komunikatzen duela...

Eribe

Eribe

Eribeko elizaren dorrearen goialdetik, Zigoitiko ibarraren erdigunean 640 metro baino gehiagoko garaierara gaudela, bista eder-ederra ikus dezakegu: Gorbeia eta Anboto, Gasteizko Mendiak, Demanda mendilerroaren gailurrak, Aizkorri-Aratz-Andia eta Oro eta Badaia eta Salvada mendilerroetako gailurrak.  Zigoitiko ibarra dago oinaldean eta Gasteiztik gertu dago, 17 kilometrora. Hori dela eta, Eribek kokapen ezin hobea du. Dena dela, komunikazio-bide nagusietatik kanpo egon da orain dela urte gutxi arte .  

Erihehi – Hereyue - Ereyve – Hereydee – Herive - Erive – Eribe

Eribe hainbat moduz idatzita agertzen da agirietan.  Zenbait aldaketa logikoak dira, beste batzuk, aldiz, garaiko eskribauaren ulermenaren araberakoak izan ziren, baina denek mila urte baino gehiagoko historia erakusten digute.

871. urtean, gutxi gorabehera, Goiko Erdi Aroan, Eribeko larrea (“sub defesa Erihehi”) agertzen da Kukulako Done Millán monasterioko agiri batean (seguru aski, apokrifoa); agiri horren bidez, Arronciok, Tello semeak eta zenbait noblek dohaintzak egin zituzten Okoiztako San Bizente monasterioari.

1257an, “Hereyue" edo "Ereyve" agertzen da, iturrien arabera, Calahorrako apezpiku Jerónimo Aznar jaunaren garaian egindako herrien nomina ordenatuan, Buruaga, Berrikano eta Zigoitiko Ermandadeko beste herri batzuekin batera.  Handik gutxira, 1292an, “Hereydee”k 194 marabedi ordaindu zizkion Tarifako setioari, hurbileko herriek ematen zutenaren erdia baino zerbait gehiago.

Eriberen historian, ekonomia biziraupenekoa izan da, garia, garagarra, oloa, babak eta lekaleak landatzen zituzten, zaldiak, ardiak eta zaldian hazten zituzten eta mendiak aprobetxatzen zituzten XX. mendearen zati handi bat igaro arte.  Datuen arabera, ez da oso herri oparoa izan.  Orografiak, ur-gabeziak eta zoru harritsuak hori adierazten dute. Etxe-bizilagunen kopurua aldatzen joan da: XVI. mendean hamasei bizilagun ziren, XVIII. mendean hogeita bost, eta XX. mendearen hasieran hamalau ziren.  Bizilagun edo etxe bakoitzean bost bat biztanle zirela kalkula dezakegu.

XX. mendean etxe eta biztanleen kopurua murrizten joan zen; 1982an bi etxe zeuden okupatuta, eta guztira bederatzi biztanle ziren.  Gutxieneko kopuru horretatik abiatuta, Gasteiztik hurbil dagoenez eta landa-eremuetan bizitzeko joera berpiztu denez, Eribek inoiz baino etxe gehiago izan ditu: 2014an, 33 etxe. Ia guztietan norbait bizi da urte osoan; 55 pertsona daude erroldatuta (gehi adin txikikoak eta egoiliarrak), baina ez du inork nekazaritzan lan egiten. Ibarreko egungo herriak lo egiteko leku bihurtu badira ere, nabarmendu beharra dugu azken urteotan herriak biziberritu direla.  Aspaldi honetan herria handitu da eta, neurri handi batean, saihestu egin da etxe atxikiak eta urbanizazioak egiteko joera.

Agirien arabera, euskara Eribeko ohiko hizkuntza moduan galdu zen XX. mendearen hasieran, baina baziren zenbait agerpen 1920an, ondoren galdu zen. Biztanle elebidun berriek (% 20 gutxi gorabehera) eta belaunaldi berrikoek euskara berreskuratu nahi dute, eta hori aukera bat da euskararentzat.

Antzinako urbanismoari dagokionez, Victorino Palaciosek 1986an azaldutako bederatzi etxeetatik, bost zaharberritu dituzte, hiru desagertu dira, eta azkena erdi suntsituta dago.  Ia ez dago ohiko arkitekturaren aztarnarik, eraikin zaharren hondakinen zenbait grabatu eta sarraila-ezkutu baino ez daude.  

Denontzako zerbitzu gutxi izan dituzte, eta berandu jarriak gainera.  1977an jarri zuten edateko ura; argiteria publikoa eta saneamendu-sarea jarri eta herria asfaltatu zuten 1997tik 2000ra bitartean. Ez du inoiz eskolarik eduki, eta elizatik gertuko bolatokia ahuldu zen eta desagertu zen biztanle gutxitzearekin batera. Gopegirako errepidea berrogeigarren hamarkadakoa da, eta gainontzeko partzelatze-bideak 2000. urtean asfaltatu ziren gutxi gorabehera. Jolas-eremu bat eta iturri moderno bat eraiki dira orain dela gutxi, eta horri esker, herriko plazak nolabaiteko batasuna lortu du. Dena dela, Kontzeju-etxe baten falta sumatzen da, zerbitzuak eta herriko jendea batzeko. 

San Martin eliza

Agiririk edo dokumentaziorik ez dagoenez, ez da Eriben eraikin noblerik ezagutu, San Martín eliza izan ezik. Elizak Eriberen historiaren zati garrantzitsu bat gordetzen du, oraindik ezkutatuta.  Deigarriena elizaren tamaina handia da, handiegia baita herri txiki batean egoteko. Horrek, beharra baino, oparotasuna adierazten du, edo garai aberatsetan egindako dohaintzen ondoriozkoa izan daiteke.  

Nabe bakarreko eraikina da, harlangaitzez eta kontra-hormez eraikitakoa.  Alde zaharrenean (aurre-erromanikoa da), harlangaitzezko bi horma-azal, elizaren oinaldeko leiho txikia, iparraldean eta mendebaldean, eta Erdi Aroko mentsula bat (gizaki baten aurpegiarekin) hegoaldeko horman sartuta, daude.  Ondoren, XIII. mendetik XV.era, garai erromanikoan, nabearen zabalera eta garaiera handitu zuten, baina oraindik ez zituen egungo neurriak.  Elizaren goiburua eta estalki gotiko berantiarrak XVI. mendean amaitu zituzten, eta dorrea ondoren egin zen, XVII. eta XVIII. mende bitartean.

Lehen guda karlistaren amaieran, 1938an, Martin Zurbano jeneral liberalak, “Varea”k, eliza erretzea agindu zuen; eta ondorioz, gangetan ezkutatu nahi izan zituzten artxibo guztiak ere erre ziren.  Ondoren berreraiki zuten, baina XX. mendean Eriben oso biztanle gutxi gelditu zirenez, eliza ez zen erabiltzen, eta horren osotasuna arriskuan gelditu zen. 2000.  urtean teilatuaren egoera oso txarra zen eta zaharberritu zuten; gainera, apaizaren etxe eta sakristia atxikiak eraitsi zituzten, aurri egoeran baitziren.

Barruan interes handiko zenbait elementu daude, esaterako, XVII-XVIII. mendeetako erretaula barrokoak.  Erdikoak San Martinen irudia du (zaldiz), eta alboko erretauletan, batean Andra Mari erromanikoa dago (XIV. mendekoa), oso interesgarria, eta bestean marfilezko Kristoa, Filipinetatik ekarritakoa, eta oso estimatuta.

Halaber, interesgarriak dira, baita ere, ondokoak: Erdi Aroko bataiarria, tiradera neoklasikoen zatiak (eremuan oso ohikoak ziren), ohikoa ez den aitorlekua eta XVIII. mende amaierako zenbait apaingarri eder, Filipinetatik ere ekarritako dohaintzak, inskripzioen arabera, “Francisco Diaz de Durana jaunarena da...”.

Jaiak San Martinen (azaroaren 11n) eta udako Solstizioan (ekainaren 24an) ospatzen dira.

Inguruneak

Herritik ez oso gertu, bi iturri daude: Eribekoa eta Arbinakoa.  Azken hori ezin da erabili partzela-bide bat eraiki zutenetik, eta horren aztarnak sasitzekin estalita daude.  Eribekoa, Ubandi ubidetik gertu, garbi dago, baina emaria oso irregularra da.

Eribe eta Berrikanoko zaharrenek San Roke baseliza konpartituta ezagutu zuten; berrogeita hamargarren hamarkadan bota zuten.  Bi kilometrora, herriaren mugetan, Menea izeneko eremu bat zegoen, San Joan baseliza zuen, baina ez da horren aztarnarik gelditu.

Menearen lerro berean eta Gorostitza eta Elosu banatzen dituen bidean, guda-lerro batzuk eraiki ziren, eta oraindik ikus daitezke horien, bunkerren eta trintxeren zenbait hondakin; gainera, berreskuratu eta oroitzeko modukoak dira.

Herriaren kanpoaldean zentro hipiko batek aisialdirako eta natura-ingurumeneko ezagutzeko zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. 

Etxabarri Ibiña

Etxabarri Ibiña_img_6199_quintas

Etxabarri Ibiña muino batean dago, eta arabar Mendebaldeko Lautada eta Vitoria-Gasteiz hiriburua (9 kilometrora baino ez dago) ditu azpian.

Zigoitiko udalerriko hegoaldeen dagoen herria da, Apodakarekin batera, eta itsasoaren mailatik 560 metrotara dago.

Antzina-antzinatik oso leku garrantzitsua izan da zenbait bide handik igarotzen zirelako. Egun, handik gertu ere dago Gasteiz eta Altube arteko N-6222 errepidea eta AP-1 autopista (Frantziara doana Deba ibarretik) lotzen dituen bide-korapiloa.

Gasteiztik Etxabarrira sartzeko, N-622 errepidetik irten beharko gara AP-1 autopistara doan irteeratik, ondoren A-3604 errepidea berriz hartuko dugu, Gorbeia Merkataritza Gunera eta Etxabarri Ibiñara doana.

Historia

Herriak izen hori du Erdi Aroan Divina barrutian zegoelako (handik dator Ibiña), baina ez da agertzen 1015. urteko Donemiliaga Rejako herrien zerrendan (Apodaka, aldiz, bai). Aznar apezpiku jaunak aipatu zuen lehendabiziko aldiz 1257. urtean, eta Echavarri Diviña izena zuen.

Infanterriko Dukearen ermandadekoa izan zen, Zigoitiko gainontzeko herriak bezala.

Etxabarrin bi bide garrantzitsu zeuden:  iparraldetik hegoaldera, arabar hiriburua Bizkaiko lurrekin lotzen zuen bidea; eta bestalde, Mandazainen bidea izenekoa, Zigoitira sartzen zena Forondatik eta Mendarozketatik ekialderantz irteten zena. Leku horretatik egun doazen bi errepideen antzeko ibilbidea egiten zuten aipatutako bideek.  Bide horietatik zihoazen ibiltariei arreta emateko, Etxabarrin erromesen eta ibiltarien ospitalea zegoen, eta XVIII. mendearen amaiera arte egon zen irekita.

Herrian jaiotakoen artean, batzuk nabarmendu ziren euren karrera militarra edo eliza-karrera zela-eta; jatorri jakin batzuetako bertako familietako kideak ziren.  Garai hartako oroigarriak dira etxeetan oraindik dirauten zenbait elementu, esaterako, aurrealdeetan ikusi ahal ditugun armarriak.

1570. urtean 20 herritar zituen; XVIII. mendearen amaieran kopurua 37 biztanlera handitu zen, eta 1970. urtean, berriz, 10 baino ez zituen. Urte hartatik aurrera, Etxabarrira beste herritar batzuk etorri ziren, eta zenbait etxebizitza eraiki zituzten jatorriko herriaren inguruan. Arabar hiriburutik gertu dagoelako, autobidearen bidez komunikazioa ona delako eta handik ikusten diren panoramikak ederrak direlako etorri ziren.  Hortaz, Etxabarri Ibiña Zigoitian biztanle gehien dituen herria da egun.

Dena dela, 70eko hamarkadan gertatu ziren aldaketa handienak paisaiari dagokionez, autobidea eraiki zutenetan eta Kas fabrikaren ontziratze-instalazioa ezarri zutenean; eta aldaketa horiek guztiak amaitu ziren mende berria hasi zenean, Gorbeia Merkataritza Gunea eta AP-1 eraiki baitzituzten.

Herrigunea

Etxebizitza modernoak ugaritu direnez, Etxabarrik, landa-herri bat baino, bizitoki-eremu berri bat ematen du.  Dena dela, landa-arkitekturako zenbait adibide interesgarri ditu etxeen artean, baita erlijio-arkitektura eta -arteko zenbait adibide ere elizan.

Hegoaldetik sartzen garenean, merkataritza gunea ezkerraldean uzten badugu, harrizko gurutzadura eder batekin egingo dugu topo; Gurutziltzatuaren irudia du alde batean, eta bestean Pietatearena; inskripzioak antzinatasuna adierazten digu:  1648. Ez da gurutzaduraren jatorrizko kokalekua; izan ere, aurreko mendearen amaieran hara eraman zuten Kurzebeatik, han baitziren lehen aipatutako bi bide zaharrak.

Herriaren bestaldean, iparraldean, San Roke baseliza dago; egun, hilerria da, eta 1601. urtekoa da. Eremu horretan biktima ugari sortu zuen izurri baten ondorioz eraiki zuten.

Jatorrizko herria osatzen duten etxeen artean, badira antzinatasuna eta eraikuntzen sendotasuna erakusten duten zenbait adibide, eta hainbat elementu dituzte: arkuren bidezko edo forja onez egindako nabarren bidezko sarrera, eta biztanleen noblezia erakusten duten beste zenbait elementu, esaterako, armarri heraldiko anitzak.

Elizaren mendebaldean, eraikuntza bitxi bat nabarmentzen da txaleten gainean.  Dorre gotortu beheratu zahar bat da; XVII. mendean San Esteban baseliza bihurtu zuten eta, egun, etxebizitza bat da.  Hormarrien fabrikan oraindik daude bi arku zorrotzak eta gezileiho hesituaren aztarnak.

 

Andra Maria Jasokundea eliza

Eremuko gainontzeko herri guztietan bezala, eliza da eraikuntza nabarmenena.  XV. eta XVI. mendeetan eraiki zuten beste eliza erromaniko baten gainean; azken horren hondakinen bat oraindik han dago.  Albo batean, estilo neoklasikoko dorrea (kupularekin) nabarmentzen da.

Bi nabe dira; bakoitzak hiru tarte ditu, eta zutabe lodien bidez banatuta daude.  Iparraldean sakristia eta kapera bat dago (garai hartako abizen garrantzitsuen armarria nabarmentzen da).  Presbiterioko ganga izar-itxurakoa da, eta tenpluaren gainontzeko atalak nerbio-ganga tertzeleteduneko gangekin estalita daude.

Erretaula nagusia XVI. mende amaierako edo XVII. mende hasierako multzo bat da.  Esteban de Belaskoren tailerrean egin omen zuten, eta eskulturetan Antxietaren eragina ikusten da.

Arte-balio handiko elementuen artean, alboko nabeko erretaula txikia nabarmendu behar dugu; Erdi Aroko bi tailu ditu:  Andra Maria eta San Bartolome, biak XIII. mendekoak.

Inguruneak

Herriaren oinaldean biltoki eta industria-eraikin multzo bat osatu dute, eta sartzeko lotunearekin eta autobidea eta autopistarekin batera, guztiz desitxuratu dute paisaia.  Nahaste horren artean, badago izaera bukolikoa duen txoko bat:  errota zaharra, Iturrizabaleta ibaia sortzen den lekuan.

Zaindariaren jaiak

Abuztuaren 15ean, Andra Maria Jasokundearen egunean, eta 16an, San Roke egunean, ospatzen dira.

Etxaguen

Etxaguen

Zigoitiko lur-eremu batean dago, eta bigarren herri garaiena da, Manurga eta gero (695 metro), 645 metrora baitago.  Gorbeiako hegoaldeko hegaletan dago, Oketa mendiaren behealdean; bisita ederrak ikusten dira handik.

Gasteiztik Bilborako bidean N-622 errepidetik joan, Gopegirako A-3608 errepidera desbideratu, eta bide horretatik jarraituz gero Murua ikusiko dugu; ondoren Etxaguen dago, Gasteiztik 19 kilometrora.

Etxaguengo historia

Etxaguen lekua Arabako agirietan agertzen da 1067. urtetik aurrera. Urte hartan, Didaco Gundisalvo de Ggabarri nobleak (seguru aski Etxabarri Ibiña) Done Millan monasterioari laga zizkon Okoiztako San Bizenten zegokion aldea, eta Eggagoienen (Echagoien) zituen jabetzak.

 Calahorrako Elizbarrutiko herrien zerrendan “Echagoyen” izenarekin idatzita dago; Tarifa hartzeko 1292an egindako kanpainan laguntzen zuten diru-ekarpenen bidez.  Etxaguenek 260 marabedi eman zituen.  Garai hartan, XIII. mendean, Etxaguengo eliza erromanikoa eraiki omen zuten; 1936ko gudan suntsitu zuten. Gudaren ostean berriz eraiki zuten, baina ia-ia ez dago eraikinaren aztarnarik.

Jose Miguel de Barandiaran etnologoaren arabera (El Mundo en la Mente Popular Vasca, 1. bolumena, Auñamendi bilduma), Euskara denbora luzeagoz erabili duten herrietako bat da. Horren arabera, Etxaguengo atso batek 1919. urtean aipatutako kondairak dio herrian oraindik euskaraz hitz egiten zutela hogeita hamar urtetik gorako helduek.

Legutioko Batailan (1936), Zigoitiko beste herri batzuetan gertatu zen bezala, Etxaguenek —eliza odol-ospitalea izan zen— ondorio suntsitzaileak jasan zituen.  Biktima ugari inguruko finka eta mendien azpian harrapatuta gelditu ziren.   2013ko apirilean, Aranzadi Zientzia Elkarteak 11 milizianoren gorpuzkiak aurkitu zituen elizaren inguruan.  Herriko kontzejuak onartuta, Etxaguengo hilerrira eraman zituzten.  Lurperatuta egon ziren lekuan ondoko oroigarria jarri zen:  “In memoriam 1936”, Fernando Garcia de Kortazarrena.

Herrigunea

XVI. mendean Etxaguenek 30 bizilagun zituen, eta 1682an hamabi baino ez ziren. Ondoren, XIX. mendean, berriz 30.  XX. mendearen hasieran 110 ziren, eta egun herrian 82 pertsona bizi dira.

Etxaguen_img_5805_quintas

A-3608 errepideak (orain dela gutxi berritutakoa) Etxaguengo herrigunea bitan banatzen du.  41 etxe eta zenbait abere-pabiloi daude, eta horietako hamabiren bat euskal ohiko baserri dira; halako eraikuntzen elementu guztiak dituzte: estalpea, kortak, larrainak etab. Gainontzeko etxeak, herria handitzearen ondorio dira, familia bakarrarentzako etxebizitzak dira.  

Sei kalek osatzen dute herrigunea:  Beheko Etxalde, Lanbarri, Nagusia, Oketa, Solaren eta Txikita. Gainera, zenbait elementu komun daude, adibidez, iturria, garbitokia, kontzejuaren ondoko bolatokia, eliza eta hilerria.

San Agustinen oroimenez egindako elizak gudaren ostean berreraikitako oinplano berria du, nabe bakarra eta goiburu zuzena du, jatorrizko eliza bezala.  Elizaren kanpoaldean badira aurreko erakin batzuen aztarnak, baita Erdi Aroko hilobien hondakinak eta harresian sartutako zenbait elementu erromaniko ere.

Inguruneak

Oketa mendiak 1.031 metro ditu, iparralderantz dago, eta neguko haize hotzetatik babesten gaitu. Ibilbide eroso eta entretenigarria egiteko aukera eskaintzen digu, baita Lautadako, urtegietako eta Anbotoko zenbait bista ikusteko ere.  

GR 25 ibilbidearen etapen hasiera eta amaiera da, eta Landaraino zein Olanorantz joateko gonbitea egiten digu; ibilbide ederrak ditu itxura askoko baso hostotsuren artean.  Oketako hegaletan, Etxaguengo biztanleentzat leku adierazgarria den eremu batean, Yermoko Maria Magdalena izeneko baseliza zegoen, eta debozio handia sortzen zuen antzinatik. Horren kofradia XVI. mendeko agirietan agertzen da. Ondratutako irudia, XVI. mendekoa, Behe Errenazimendu erromanistikoaren garaikoa, egun San Agustin elizan dago.

Gainera, desagertutako beste baseliza zahar bat ere oroitzen da. Oketako hegaletan zegoen, eta Gantzorrotzeko San Joan ohorezkoa zen. Horren irudia ere elizan jarri zen, herriko hilerritik ekarrita.

Iraganean egindako lanaren lekuko gisa, oso narriatuta dauden zenbait karobi eta harrobi daude; bertako harriak erabili ziren Gasteiz handitzeko egin ziren eraikuntza berrietan.  

Eta aipatu beharra dugu menditan dagoen baso-fauna anitza: oreinak, basurdeak, orkatza, azeriak, erbiak, putreak, urtxintxak etab.

Jaiak eta ohiturak

Herriko jaiak San Agustinen, azaroaren 28an, ospatzen dira.  Orain dela urte gutxi arte jende askok parte hartzen zuen jaietan; egun, herrikoen laguntzari eta santuaren egunean eta asteburuan egiten diren ohiko ekintzei esker mantentzen da.

Landa-ekonomia

Zigoitiko herri guztietan bezala, Etxaguengo biztanleek, orain dela gutxi arte, soroak landatzen zituten eta abereak zaintzen zituzten; etxeko ekonomia apala zuten.  Egun, gehienek beste leku batzuetan egiten dute lan, baina badira zenbait laborari eta artzain.

Gopegi

Gopegi_img_5270_quintas

Ibarraren erdialdean kokatzen da, itsasoaren mailatik 602 metrora dagoen muino batean. Zigoitiko lurrak eta bideak menderatzen ditu. Orain dela zenbait urte arte, udalerriko herri nagusia zen, udal administrazio-bulego berriak eraiki zituzten arte, alegia.

Bidegurutzea da ekialdetik mendebalderako norabidean, eta Legutio, Aramaio eta Leintz ibarreko lur gipuzkoarrak Zaitegirekin lotzen ditu (Bide Zatikoa edo Zaitegiko bidea). Gainera, hegoaldetik iparraldera joanez zenbait herri ere komunikatzen ditu: Lautada Zuiarekin, Aiararekin eta Urduñarekin.  Bidegurutzea agirietan agertzen da 871. urtetik.

Jakin badakigu 1257. urtean herriak Hopeegui izena zuela, eta XII. mendearen amaieran Gopehegui zen, 1292ko Tarifa setiorako dirua ematen zuten herrien nominan horrela idatzita baitago.

 Zigoitiko ermandade zaharreko hirugarren Kuadrillan zegoen ondokoekin batera:  Akosta/Okoizta, Zestafe eta Gorostitza (Legutio eta Leintz ibarrerako bidean) eta Larrinoa eta Etxaguen, Okaranza eta Ruedas eta Murua (Zubialde ibaitik gora, Gorbeia igotzeko bidean).

Herrigunea bi auzotan banatuta dago

Gopegiko biztanleak, historian barrena, bi auzotan kokatu dira.  Goiko auzoaren muino txikian, Acosta/Okoizta eta Zestafera doan bideaz inguratuta, Andra Maria Jasokundearen parrokia-eliza eta Goikoetxea edo Goikolea dorreak daude (Ortiz de Zarate maiorazkoaren orubea).

XVI. mendearen amaieran Gopegiko elizan Jasokundearen kapera zegoen, nabearen ezkerreko aldean.  Handik gutxira, kapilautza zuen, eta beste zenbait atal gaineratu ziren Ortiz de Zaratetarren maiorazkoan.  Erdi Aroko jatorria du elizak, nabe bakarra du eta XVI. mendean gurutzeria handitu zuten.

Erdi-puntuko portada bat du, eta alboetan zutabe lau bana eta hatzapar-harroinak ditu, erromanikoak.  Kapitelak ere XVI. mendekoak dira.  Barrualdean, arkuen artean kanoi-ganga zorrotzak ditu nabeak.

Hegoalderako aurrealdean Erdi Aroko fasearen zenbait aztarna daude: hogeita bat harburu ditu gizakien eta animalien buruekin apainduta.

Egile batzuen ustez, orain dela gutxi egindako zaharberritze-lanen ondorioz barrualdean aurkitutako pinturak Beheko Erdi Arokoak dira (Venegas eta Sanchez Pascual).

Egile gehienek eraikuntza XIII. mendekoa dela dioten arren (M. Portilla, D. Ocon, J.J. Lopez de Ocariz eta F. Martinez de Salinas), elizaren inguruan egitura zirkular bat aurkitu dute, eta horrek dextro edo circuitum bat zuela adieraz dezake; elizaren pribilegio berberak izango lituzke, eta gure ingurunean IX. mendetik aurrerako fenomenoa da.  Zenbait egileren iritziz, dextro bat fosil bihurtzeko fenomeno bat izan daiteke, batez ere aintzat hartuta horren neurriak; horrek XI. mendean kokatzen gaitu.  Aipatutako tesiaren aldeko beste argudio bat da handipen erromanikoak elizaren defentsa-egitura mantendu zuela, garaiera handitu zuten, eta hori garai hartako egoera sozialaren testuinguruan ezaugarri bat zen.

Nabariak dira aztarna erromanikoak, esaterako, sarrerako atea, bataiarria, erlaitza harburuekin eta kanoi-gangako pinturak.

Eraikuntzaren goialdean landa-dorre bat dago.

Elizaren barrualdeari dagokionez, erretaula XVII. mendekoa da.  Erliebeak Joan de Antxietaren zirkulu erromanistakoak izan daitezke.  Aurrean Andra Mariaren irudia dago, polikromatuta eta barroko estilokoa, eta inguruan San Joan Ebangelaria, San Pedro, San Pablo, San Mateo, San Markos, Done Jakue Erromesa, San Joan Bataiatzalea eta San Lukasen irudiak daude.  Ezkerraldean, Andra Maria Jasokundearen kapera zaharra zegoen, egun San Josefena da; Ortiz de Zaratetarren maiorazkoarekin lotuta zegoen.

Goikoetxea edo Goikolea dorrea, elizaren ondoan dagoena, gainontzeko eraikinetatik nabarmentzen da.  Jatorri berantiarreko dorre handi bat da, Ortiz de Zaratetarrek altxatu zuten; oinplanoa ia karratua da eta hamabi metroko garaiera du.  Ekialdeko fatxadan Zarate eta Egiluztarren armarria du.

Dorretik hurbil, ekialderantz, tamaina handiko baserri bat dago, oinetxe bat ematen du.

Herria osatzen zuten zenbait baserri daude beheko auzoan, eta orain dela gutxi egindako zenbait eraikin ere gaineratu dira.

Eraikin esanguratsu gisa, iturri, aska eta garbitokiak osatutako multzoa dugu, 1883an eraikitakoa. Horiek guztiek, orain dela gutxi zaharberritutako bolatokiarekin batera, inguruko herrietan ere duten ekipamendua osatzen dute.

Demografia

Agirien arabera, 1556an berrogei bizilagun bizi ziren herrian; XVI. mendearen amaieran, 32 sutegik ordaintzen zituzten zergak eta derramak.  Hurrengo mendean, 1682. urtean, kopurua 26koa zen.

Biztanleria handitu egin zen XVIII. mendean, 32 sutegi eta 100 biztanle arte. Lurrak lantzen zituzten, eta, horrez gain, baso-baliabideak ustiatzen zituzten, ikatza ekoizten zuten eta behiak eta zaldiak hazten zituzten larreetan.  Bi “fragüero” edo errementari ere baziren.

XIX. mendearen erdialdean, Gopegin 131 biztanle zeuden, 24 sutegitan banatuta; 1861ean kopurua 114 biztanlera murriztu zen.

Aurreko mendearen hasieran, Gopegin 16 etxebizitza zeuden, guztira 86 biztanle. 1920an, erroldan 75 biztanle jaso ziren, 1930ean 100 biztanle eta 1950ean 73.

1970ean biztanleen kopurua 75 zen; herrian hamabost familia bizi ziren. Kopurua 64 biztanlera murriztu zen 1987ko foru izendegian erregistratutako zuzenbidezko biztanleen arabera, eta 1993an 68 ziren.

Gaur egun, azken bi hamarkadetan gertatutakoari hazkundeari esker, Gopegin 270 biztanle daude.

Gopegi_img_5329_quintas

Inguruneak

San Roke baseliza, Zatika Bidean kokatuta, Gopegiko larrearen sarreraren parean dago; Acosta/Okoizta eta Larrinoaren arteko bidearen erdian kokatzen da, eta erromesen igarobide historikoa zen.  Orain dela hiru bat hamarkada zaharberritu zuten, eta egoera ona da.  Gopegiko zaindari San Roke jaian, erromeria eta meza egiten dute eta inguruko herriko biztanleak biltzen dira. Ondoren, herri-hamaiketakoa, dantzaldia eta herri kirola egiten dute.

Gopegitik Acosta/Okoizta eta Zestafera doan errepidean, horren ondoan, Humilladero izeneko lekua dago.  Ondo zaindutako gurutzadura bat da; 2,5 metroko fustea du, monolitikoa eta zirkularra, eta gainean molduradun kapitela du.  Gurutzean Jesukristo gurutziltzatua, eta atzeko aldean, Pietatea daude.  XVI. mendearen amaierako edo XVII. mendearen hasierako obra da.

Gorostitza

Gorostitza - Caserios de San Pedro

Oketa mendiaren magalean kokatua, Gopegi eta Etxaguenetik Ubidea eta Legutio aldera (Bilboko errepidera) doan bideak zeharkatzen du.

Gorostitzako antzinako herrian (dokumentuen arabera, XI. mendean datatuan) San Pedro parrokia-eliza eraiki zen. Herri hori desagertu zenean hainbat etxe bakarrik geratu ziren, eta, orduan, lehen herria zena, administratiboki, auzo izatera pasa zen, Zestafe eta Okoizta/Acosta artean banatuta. Gorostitza auzoak, beraz, garai batean herria egon zen lur-eremua hartzen du.

Gorostitzako bizilagunak

Gorostitzan, XVII. mendean, zortzi familia bizi ziren. Baina gero hustu egin zen, eta  XIX. mendean bi bizilagun bakarrik izan zituen. Herri izateari utzi zion, eta Zestafe eta Okoiztako auzo izatera pasa zen.

Beheraldi demografikoen eraginez, Gorostitza jendez hustutako eremu izatera iritsi zen ia. 1793ko bisita pastoralean bertako San Pedro parrokia Zestafeko ermita izatera pasa zen.

 Gaur egun, herritar berriak irabazi ditu, eta ia 8 familiako kopurua gainditu du. Familia horietako zenbaitek abeltzaintzan eta gaztagintzan egiten dute lan.

Gorostitzako San Pedro ermita

Garai batean parrokia izan zen, eta XVIII. mendearen erdi aldetik hona ermita bihurtuta dago. Lehenengo eraikuntza XIII. mendean dago datatua, eta, gerora, gaur egun duen burualdea gehitu zitzaion.

Zaharberritze bat baino gehiago izan ditu. Barrualdea 1982an zaharberritu zuten, eta egurrezko sabaia du. Azkena, eta, gaur arte, behin betikoa, 1998an egin zuten Arabako Foru Aldundiak, Zestafeko Administrazio Batzarrak eta Zigoitiko Udalak.

Ermita honen garrantzia historikoa azpimarratu zuen Micaela Portillak: “Tenplu txiki hau jendez hustutako arabar herrietako parrokien ezaugarri eta neurrien lekuko historiko bat gehiago da. Eliztarrak galdu zituenez, denboran zehar ez du handitze-lanik edo aldaketarik jasan, eta, horregatik, jatorrizko itxura mantentzen du”. Beraz, Arabako herrietako Erdi Aroko parrokiak nolakoak ziren argi eta garbi erakusten digun adibideetako bat da.

Goi Erdi Aroko aztarnak ditu, oso interesgarriak, gerora egindako eraikuntza-lanetako harlangaitz-hormetan txertatuta. Elementu prerromanikoak ere baditu. Hainbat lekutan –aldarean, edo leihateetan- harlauza handiak ditu, “bainuontzi” itxurakoak, hilobi monolitikoetatik ekarriak. Hainbat harburu ere baditu, eta baita  bi leiho eder ere, euretako bat apaindura aberatsekin.

Bataiarriak Erdi Aroan du jatorria. Tenpluaren oinarrian dago, harmaila zirkular batzuen gainean, eta duintasuna ematen dio horrek. Zigoitian ohikoenak diren bataiarrien multzoa osatzen du.

Bertakoek, eta baita inguruko herrietako herritarrek ere, debozio eta maitasun handia diote ermita honi. Zigoitiko iragan historikoaren arrasto garrantzitsua da.

Gorostitzako jaiak

Gorostitza auzoak San Pedro egunean ospatzen ditu festak, garai bateko parrokiaren eta gaur egungo ermitaren titularraren omenez.

Larrinoa

Larrinoa_img_6631_quintas

Udalerriko erdiko eremu lauan dago, Zubialde ibaiaren ezkerreko ertzean, Gopegi eta Murua artean. Itsasoaren mailatik 595 metroko garaierara dago.

Agirietan eta garaiaren arabera, zenbait izen izan ditu:  Larrinoa 1257an, Larrinua 1294an, 1537an eta Larrinua 1769an.

Kexaako monasterio osatzeko eskutitzean (1378an) Larrinoa eta hurbileko errota bat aipatzen dira.

Orain dela gutxi egindako zenbait ikerketen arabera, Joan de Alava arkitektoa Larrinoakoa zen. Arkitektoak platereskoa sartu zuen penintsulan, baina Araban ez da ezaguna.  Espainiako Eerrenazimenduren maisu nabarmenetako bat izan zen, eta zenbait lan egin zituen ondoko herrietan, bateak beste: Plasencia (Katedralaren kapera nagusia), Valladolid (kolegio-eliza nagusia), Salamanca (Unibertsitateko sakristia) edo Zamora (Katedralaren kapera nagusia). Lan artistikoa 1505etik 1537ra bitartean gauzatu zuen, urte hartan hil baitzen.

Demografia

Zigoitiko ordaintzaileen eta biztanleen matrikularen arabera (1590ean doitu zen), Larrinoan guztira “hamahiru sutegi ordaintzaile ziren, eta zenbait bizilagun nekazarik, hargin batek eta batxiler batek osatzen zuten”.

1682an hogeita bat bizilagun ziren.  XVII. mendearen amaieran 88 biztanle ziren Larrinoan, 22 etxetan.  XIX. mendearen lehen erdialdean Larrinoan biztanleria kopurua murriztu egin zen jada.

XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, murrizketa handiagoa izan zen, eta 1861ean 48 biztanle ziren. XX. mendean 18, eta kopuru bera jaso zen 1979ko foru izendegian.

San Pedro eliza

Eliza eraitsi zen baina adin nagusikoek gogoratzen dute.  Eurek esandakoez gain, estiloari eta osaketari buruzko zenbait datu daude; izan ere, zenbait atal inguruko beste eliza batzuetan kokatu zituzten.

Goialde zuzena zuen eraikinak, eta gotiko berantiarreneko hiru gurutzeria-tarteren bidez estalita zegoen.  Zigoitiko egungo udaletxearen inguruan (Ondategi), bobedaren zenbait klabe daude:  batek San Pedro irudikatzen du, eta eraitsitako elizaren presbiterioaren erdiko klabea litzakete; beste batek Done Jakue Erromesa iruditzen du.  Material guztia Larazo Ruiz de Escuderok eskuratu zuen “eskola-kolonia bat eraikitzeko obra bihurtzearren, kirola egiteko zelaiarekin, eta gazteentzako zentroa eraikitzearren”; Escudero Fundazioa izena zuen.

Bataiarria Etxaguengo elizan dago gaur egun. Oina zilindrikoa da, zenbait hatzapar berantiar ditu, Erdi Arokoen atzekoak, eta basamentua hexagonala da.  Eliza horretan, gainera, sakristian, tiradera-altxaria dute, eta Larrinoako apaizak 1890an egindako inbentarioan azaldutakoa dela ematen du.  Sakristiako atea, koroaren eskudela eta kanpai bietako bat ere leku horretara eraman omen zituzten.  Beste kanpaia urtu egin zuten.

Gerardo López de Gereñuren arabera, elizaren erdiko motiboa hiru ataletako erretaula eta XVI. mendeko hiru kale ziren; batzuen jatorria platereskoa zen.  Lehen erretaula errenazentistan San Pedro hobi nagusian, Magdalena eta Kristo Santua zeuden; egun, Gopegiko elizan dago, eta oraindik dirauen bakarra da.  Apaindurak arte platereskoaren ezaugarriak ditu, aingeruen buru hegaldunekin; Magdalenaren irudia, erretaularen kaleetako erremateak eta aurrealdean den triangelu itxurako frontoia ere estilo horretakoak izan zitezkeen.  Alboko irudiak ondoren egin ziren.

 

Letona

Letona_img_7093_quintas

Zigoitiko hego-mendebaldean dago, Arrato mendizerraren oinaldean, Arratobe mendiaren azpian. Zigoitiko herri horrek leku pribilegiatua du, 591 metrora baitago.  Gasteiz eta Bilbo arteko N-622 errepidearen bidez (Bilborako norabidean) joango gara, eta sarrera 12. kilometroan dagoen saihesbidean dago.

Letonaren jatorria...

Aurre-historian, Eeneolitoan, eremuan zenbait biztanle ziren, kokalekuen hainbat aztarna aurkeztu batira "Kurtzebide" izeneko lekuan.  Herritik hurbil eta Letonako hegoaldean, Arrato mendizerran, “Urisolo kastroa” izenekoaren zenbait aztarna induskatuta daude; esparru harresitua da, Burdin Arokoa. Handik gertu, Urisolo eta Goba de Unda barrunbeak daude.

Zaitegirekin batera, Erdi Aroan puntu estrategiko bat izan zen Arabako Lautadatik Zigoitia zeharkatuz Zuiara joateko bidean; gainera, arabar lurraldeen jabeentzat Nafarroa eta Gaztela arteko zaintzarako toki garrantzitsua izan zen. Horren adierazgarria da hango gaztelu nafar zaharra (zenbait aztarna arkeologiko baino ez dira gelditu).

Egungo Letona IX. mendeko agiri batean agertzen da, dagoeneko, Letonu izenarekin. Eta XII. mendetik aurrera, askotan aipatu zuten garai hartako eliza-agirietan: “arciprestazgo de Cigoitia” izenekoaren barruan kokatzen zuten.  Euskara zen hango hizkuntza.

Historia modernoan

Garai hartan (XVI-XVII. mendeak), Letona leinuak garrantzi politiko handia izan zuen, ondoko abizenei esker: Lopez de Letona, Lopez de Apodaka, Diaz de Letona, Hurtado de Mendoza, Diaz de Olarte.  Pertsona horien oroimenak dira Letonako elizan egindako dohaintzak eta elizako San Sebastian kaperako hilobiak (egun, Arrosarioko Andra Mariaren kapera da).

Bilakaera demografikoa

XVI. mendeko agiriek 40 bizilagun edo etxetako eliztarrak aipatu zituzten, eta "hiru elizgizon anoa osoaren truke" zituzten euren zerbitzura.  Aipatutako demografia-datuen arabera jakin dezakegu zergatik hasi ziren XVI. mendean egungo parrokia-eliza handitzeko lanekin.

Ondoren, Letonako biztanle kopurua murriztu egin zen.  XVIII. mendean, udal artxiboaren datuen arabera, 15 bizilagun eta apaiz bat ziren.   XIX. mendearen hasieran Letonan 18 bizilagun (60 pertsona) ziren, eta guztira 1.464 anega ale biltzen zituzten.  Bi onuradun ziren.

Aurreko mendearen hasieran Letonak hamabost bizilagun eta 44 biztanle zituen; 1979an 25 biztanle ziren, 1982an 19 eta 1988an 16. Egun, Letonak 45 biztanle ditu.

Eraikin historikoak

XV. mendearen amaieran, Letonan bi dorretxe zeuden. Gelditzen den bakarra Joan Lopez de Letonak eta Katalina Ruiz de Hurtado de Mendoza emazteak (Manurgakoa) egin omen zuten; XVI. mendearen amaieran eraiki zuten.

Lopez de Letonatarren jauregiaz eta Letona-Hurtado de Mendozatarren dorreaz osatutako multzoak garaiko zenbait defentsa-elementu baditu ere, defentsarako dorre baino, dorre sinbolikoa da batez ere.  Dorrearen goiko errematea nabarmentzen da: lau dorretxo trinko ditu, eta gotorleku itxura ematen diote dorreari.

Kapare-etxe bat du atxikita.  Harlangaitzezkoa da, gaur zaharberrituta dago, eta dorrearekin batera, arkitektura-multzo ederra osatzen du.

San Andres parrokia

XVI. mendean eraiki zen Erdi Aroko eliza baten gainean (eliza horretatik zenbait aztarna gelditzen dira: arkua, harburuak). Gotiko berantiarreko estilokoa da, oinplanoa angeluzuzena da eta nabearen alboetan garai bereko kapera bana ditu.  Bat San Sebastiani eskainita, lehen izenpeko gisa, eta han hilobiratu zituzten Sanctorum eta Joan Diaz de Letona (aita eta semea). Ondoren, Arrosarioko Andra Mariari eskaini zioten kapera.  Kristo Santuaren kaperak Gurutziltzatuaren irudi gotiko baliotsu bat du; egikera ederra du eta XIV. eta XV. mendeen artekoa da.

Elizaren dorrea ondoren egin zuten (XIX. mendearen amaieran), eta kanpandorre baxu baten gainean eraiki zuen XVII. mendean Joan Antonio de Letona kapitainak, garai hartako parrokoaren arabera:  “Kapitainak eta neuk, apaizak, egin dugu kanpandorrea”.

Erretaula hiru garaitakoa da:  sagrarioa XVI. mendearen amaierakoa; gorputza, 1630eko hamarkadaren amaierakoa dela agertzen da agirietan, eta nahiko handitu zuten XIX. mendearen erdialdean.

Erretaularen multzoan, elizaren titularraren San Andresen irudi dotorea zaharrena da (XVI-XVII. mendekoak).  Perez de Aiala tailerrean egin ziren tailuak —Kristo berpiztua, ebanjelistak, apezpikuak (San Tito eta San Atanasio)—; Gregorio Fernandezen eragina jaso zuen, erromanismotik lehen barrokorako trantsiziokoak dira (XVII. mendea).

Elizako titularraren jaia, San Andres festa, azaroaren 30ean ospatzen da.

Letonako baselizak

 Sortze Garbiari eskainitako bat zegoen (XVII. mendea); Kasilda Diaz de Olartek sortu zuen.  Egungo hilerrian zegoen, eta herrira sartzeko Sorkunde kaleak gogora ekartzen digu.  XIX. mendearen amaieran, suntsituta zegoenez, baselizako materialak hilerri berria egiteko erabili zituzten (sarreran harrizko bi tailu eder daude); testamentu-funtsak elizaren dorrea eraikitzeko inbertitu zituzten.  Baselizak zenbait irudi zituen, San Joan haurrarena baino ez da gelditu, eta parrokian dago.

San Bitor baseliza (XV. mendea) Zaitegirena eta Letonakoa da, eta biek gain hartu zuten mantentzeko konpromiso (Olanok ere lagundu zuen), Zaitegin 1846ko uztailean hiru herriek sinatu zuten agiriaren arabera.   Letonako herritarrek zaharberritu zuten 1845ean, eta baso-sute batek suntsitu zuen 1980an; horma nagusiak gelditzen dira.  Ingurunean “Zaitegiko gazteluaren” zenbait aztarna daude. Nafarroako erreinuaren muga eta defentsarako igarobidea markatzen zuen. Egun, Gasteiz-Bilbo autobideak zeharkatzen du. Leku estrategiko horretatik Zigoitiko herri guztiak ikus daitezke.

Manurga

Manurga

Gorbeia inguruko mendietan dago; Zigoitiko udalerriaren eta Zuiako Taldearen zati bat da.  695 metroko garaierako eremuan dago, eta bista ederrak eskaintzen ditu: Zigoitiko ibarretik Vitoria-Gasteizeraino, eta atzealdean Gasteizko Mendiak ere ikusten dira.

Arabar hiriburutik Zigoitiko herri historiko honetara irits gaitezke Bilbora doan N-622 errepidearen bitartez, ondoren A-3608 errepidera desbideratu beharko gara, Gopegirako biderantz A-3610 errepidetik. Arabar hiriburura dagoen tartea:  18 km.

Manurgako historia

Manurgak historia luzea du.  1257. urtera arte agirietan agertu ez bazen  ere, Erdi Aroko efemeridetan oso kokaleku garrantzitsua izan zen; izan ere, Arabaren bitartez (Zigoitia eta Zuia) Gipuzkoa (Leintz-Gatzaga) eta Bizkaia (Urduña) lotzen zituen joan-etorri handiko ibilbide edo bide batean zegoen.

XVI. mendetik aurrera, itsasoz haraindiko lurrekiko erakargarritasuna nabaria izan zen Manurgan; hantxe jaio ziren zenbait pertsona ospetsu, eta hainbat funtzio garrantzitsu gauzatu zituzten administrazioaren eta, bereziki, elizaren esparruan. 

Oihartzun historiko handiena XIV. eta XV. mendetan izan zuen, Ganboatarren eta Oinaztarren arteko borrokak zirela-eta. Manurgak azken bandoaren alde egin zuen.  Ondorioz, han eraiki zuten dorretxea, aurkako bandoak Legution jarri baitzituen bereak.

XIX. mendera arte euskaraz hitz egin zuten Manurgako biztanleek.

XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan Manurgan 200 biztanle ziren; egun, 78 daude.

Herrigunetik ibili...

 Etxeak herria osatzeko taldekatzen dira, nahiz eta bakoitzak izaera osoa duen unitate independente bat osatu; parrokia-eliza nabarmentzen da.  Etxeak lau auzotan banatzen dira:  Landaluze, Perrenta, Azpillaga eta Iturritxaga.

Kokapen estrategikoa dela-eta, Manurgak zenbait gotorretxe izan zituen: herrian kokatutako odoleko kapareen abizena zutenen oinetxeak ziren. Lau dorretxe zeuden, baina denbora joan ahala, desagertzen joan dira; esaterako, Kortazar edo Iturrizartarrenak (biak XVII. mendekoak dira). Azken dorretxe horren zenbait aztarna daude garbitegi zaharrean, non murruetako bateko armarria ikus daitekeen.  Elizaren ondoan, Ortiz de Zaratarren dorre hondatuta dago; Elexaldeko Gaztelua izena du, eta aurreko mendearen amaieran erori zen.  

Hurtado de Mendozatarren dorrea ere garrantzitsua izan zen, eta egun hantxe dago. XV. eta XVI. mende bitartekoa da, eta XVII. mendeko jaun-eraikuntza baten barruan dago; iparraldeko fatxadan blasoia du.  Zenbait pertsona ospetsuren jaiolekua izan zen  —Joan de Hurtado de Mendoza, Diego Hurtado de Mendoza—; Gortean kargu garrantzitsuak izan zituzten.

Martinez de Murgiatarren jauregia —Astegieta eta Berastegi abizenekoenak izan ziren ondoren horren nagusiak eta zaintzaileak— 1700. urtean eraiki zen, gutxi gorabehera. Oinplano laukia du, eta fatxadan familia fundatzailearen armarria du.  Eskualdeko eraikin garrantzitsuenetako bat da.  Herrian badira beste zenbait oinetxe (XVII/XVIII. mendekoak); fatxadetan armarriak dituzte familia sortzaileen jatorria gogoratzeko.

Gainontzeko eraikinak, landa-baserriren adibide interesgarriak dira; eskualde horretan ohikoak dira. Horietako batzuek, izaera herrikoi handia dute: harriz, zurezko egiturez, adreiluz eta adobez eginda daude.  Herrian zenbait iturri eta garbitoki daude, baita Azpillaga, Mendibe eta Murubideko gurutzadurak ere.

1520. urtean egungo San Martin parrokia-eliza eraikitzen hasi ziren Erdi Aroko eliza ordezkatzeko. Gaur ikusten dugun moduan XIX. mendean amaitu zuten portikotik.  Parrokia-elizak gurutze-oinplanoa, goialde poligonala eta harri-horma onak ditu; egitura gotikoa eta zenbait aldaketa barroko ditu.  Sarrera portikotik du; zortzi erdi-puntu arku handi ditu (gehienak hormaz inguratuta).  Dorrearen goialdean kanpaien egitura oktogonala dago.  Barrualdeak balio artistiko garrantzitsua du. Erretaula nagusia churriguereskoa da, eta albo batean Berastegiren kapera nabarmentzen da: horman blasoia du eta nabar artistiko batekin itxita dago.  Arte-hornidurak hango zenbait gizon garrantzitsuk lortu zituzten urteen barrena.

... inguruetan

Herritik gertu, mendixka batean, San Bartolome baseliza dago, ondo zainduta dago eta erretaula interesgarria du. Mendixka horretara joateko, Manurgatik Zaraterako errepidetik joan eta ezkerrean dagoen bidea hartu behar dugu.  Santa Marinako (Olanorako bidea) eta Murabeko San Joan (hango antzinako herrixka bat izan zen, Goikobidea seinalearen bidez joan gaitezke) baseliza zaharretatik zenbait hondakin baino ez dira gelditu.

Gurutzadurak interesgarriak dira, bai zein leku estrategikotan dauden aintzat hartuta bai eraikuntza dela-eta.

Inguruan dauden basoetatik ibiltzeko aukera izateaz gain, Manurgatik ere atera gaitezke Gorbeia mendira joateko, baita bertako oreinen marrualdiak entzuteko lekuetara joateko ere.

Jaiak eta ohiturak

Herriko jaiak San Martinen, azaroaren 11n, ospatzen dira.  Badira beste jai batzuk; esaterako, abuztuaren 24an, San Bartolomeko jaia egiten da. Baselizan meza eman, eta senidetasun-bazkaria egiten da. San Isidron ere aipatutako baselizara joaten dira bertakoak.

Landa-ekonomia

Aurreko  mendearen amaiera arte zerealak (oloa, garagarra eta garia) ziren laborantza nagusiak; baina pixkanaka larreak nagusitu dira, bereziki hegoaldeko hegaletan, iparraldean Gorbeialdeko hegalak hasten baitira, eta han hariztiak, pagadiak eta pinudiak daude, baita animalia anitzak ere: oreinak, basurdeak etab.  Horrez gain, artzaintzan eta abeltzaintzan aritzen direnak ere badira (ardiak, ahuntzak eta behiak).

Mendarozketa

Mendarozketa_img_6323_quintas

Zigoitiko hego-ekialdeko eremuan, Gipuzkoatik Frantziara doan AP-1 autopistaren gaineko muinotxo batean, Mendarozketa herri txikia aurkituko dugu.

Herrira joateko errepidea Etxabarri Ibiñatik dator, baserrietatik igarotzen da eta Zirianorantz jarraitzen du (Arratzu-Ubarrundia udalerria).

Mendarozketako etxeak banaketa lineala dute errepidearen hego-mendebaldetik ipar-ekialdera.  Erdian, gotorlekua balitz bezala, eliza handia altxatzen da, eta gainontzeko eraikinetatik nabarmentzen da.

Itsasoaren mailatik 560 metroko garaierara dago.

Historia

Berririk zaharrena 1257. urtekoa da, eta Mendasqueta izenarekin agertzen da. Handik aurrerako agirietan egungo izenarekin jasota agertzen da.

Ricardo Becerro de Bengoak Mendarozketa “gizon itzaltsu ugariko txoko txiki bat” zela esan zuen. Erdi Aroan, Rodriguez de Mendarosqueta herri horretako zaldunak Navas de Tolosako batailan hartu zuen parte (1212) musulmanen aurka; oste arabarrak zituen agindupean eta Lope Diaz de Harorekin batera aritu zen. 

Baina XVII. eta XVIII. mendeetan nabarmendu ziren, batez ere, hango batzuek eliza-karrera zela-eta; zenbait hiritako apezpiku inkisidore izan ziren.  Lehenengoa Joan Bautista Artzamendi izan zen. 1635ean jaio zen eta inkisidore nagusi izatera iritsi zen.

Mendarozketak ez ditu inoiz biztanle asko izan: XVI. mendearen amaieran 25 bizilagun zituen, eta handik bi mendera, 60 zituen. Aurreko mendeko 80ko hamarkadan, kopurua 19 pertsonara murriztu zen. Egun, 48 biztanle ditu.

Herrigunea

Mendarozketak ez du berezko herrigunerik.  Etxeak modu linealean banatuta daude, Etxabarri Ibiñatik datorren errepideari jarraituz.  Eskema horren arabera, etxe eraiki berriak eta zaharrak tartekatzen dira. Azken horiek ohiko unitateak dira, eta etxebizitza izateaz gain, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiaketarako zenbait ohiko elementu dituzte:  kortak, estalpea edo “zalgategi”, siloak etab..., beti larrainarekin inguratuta.

San Joan Ebanjelaria parrokia

Elizaren eraikin handia nabarmentzen da beste guztien artean; leku garaienean dagoenez eta altxaera lerdena dela-eta, nolabaiteko gotorleku itxura du.

San Joan Ebanjelariari eskainitako parrokia da, eta XVI. mendean eraiki zuten. Erdi Aroko hasierako elizaren zenbait elementu ditu mendebaldeko aldean; iparraldean, berriz, biltoki zahar bat du atxikita.

Barrualdea gurutze-itxurako oinplanoa du, abside oktogonal txiki bat dauka eta han erretaula dago. Erretaula, Errenazimenduko zenbait zutabe eta kapitelen gainean dauden gurutze-ganga tertzeledunekin estalita dago.

Erretaula churrigureskoa egikera onekoa da, eta urre-kolorekoa, San Joan Baiatzailea eta Done Mikelen irudiekin; horien mugimendua, jarrera eta jantziak oso ohikoak ziren Barrokoaren garaian.

Sortzez Garbiaren kapera gurutzeriaren iparraldean atxikita dago. Joan Bautista de Artzamendi jaunak sortu zuen 1691n, eta zenbait arte-lan garrantzitsu gordetzen ditu. Esaterako, Sortzez Garbiaren irudia nabarmentzen da, eta horren ezaugarriak direla-eta “jakin dezakegu Alonso Canorena edo maisuaren dizipulu zuzen batena dela”, Micaela Portillaren arabera.  Egun, Gasteizko Elizbarrutiko Museoan gordeta dago irudia.

Elizatik ez oso urrun, bidegurutze batean, Sortze Garbiaren baseliza dago. Egun, herriko txoko moduan eta kontzejuaren bilerak egiteko erabiltzen dute.

Inguruneak

Herritik gertu, Mendarozketa, Ziriano eta Mendiguren elkartzen diren lekuan, Gernikako gaina, edo Gernikagana dago. Antzina, herri bat zegoen han, eta 1025eko agirietan izen horrekin jaso zen “Donemiliagako Rejan"; dena dela, ez da horren aztarnarik gelditu.

AP-1 autobideak hegoaldetik zeharkatzen ditu herriko laborantza-lurrak, ekialdetik mendebalderako norabideari jarraiki.

Murua

Murua_img_5956_quintas

607 metroko garaieran dago, Gorbeia mendialdean (1.482 m).  Zigoitiko udalerrian eta Zuiako Kuadrillan dago.  

Herrira joateko, Vitoria-Gasteiz N-622 errepidetik joan (Bilborantz), A-3608 errepidera desbideratu N-240 errepiderantz eta Gopegi eta Larrinoa herriak zeharkatu behar ditugu. Herria zeharkatzen duten bi ibaien (Amezua eta Zubialde) ertzetan dago.  Kokapen geografikoak (zenbait ibilbideren bidegurutzea), jatorria eta hasierako historia zehaztu zituen.

Gasteizetik 17 kilometrora eta Bilbotik 53 kilometrora dago.

Muruako historia

Agirien historian Murua agertzen da egungo izenarekin Jeronimo Aznar apezpikuak 1257. urtean bidalitako eskutitzean, eta Larrinoa eta “Echagoyen” (egun, Etxaguen) herrian artean zegoela aipatu zuen.  1294. urtean Muruak berrehun eta berrogei marabedi ematen zizkion Tarifako setioari; inguruko herriek antzeko kopurua ordaintzen zuten.

Murua “oinaztarren” bandoko jatorrizko lekua izan zen. Hortaz, Lope García de Salazarren arabera, “Murua de Oñas” izena hartu zuen, eta horren aurrean “Ullivarri Gamboa" zegoen, Ganboatarren herria. Murua oinaztarra bazen ere, baziren bertan ganboatar ezagun batzuk, esaterako, Pedro de Ganboa, “Cadizen bizi zen eta Ozeano itsasoko ejertzitoen kontalari nagusia izan zen”.

Ortiz de Zarate leinu “oinaztarrak” utzi zuen Muruan aztarnarik handiena XVIII. mendetik aurrera.  Badakigu zelakoa zen mende horretan (1747-1757) “Jauregia”, abizen horretako oinetxea. “Goiko auzoan” zegoen, hesituta zegoen eta barruan “labearen etxea" zuen.   Eraikin nagusiaren aurrealdean “Zaratarren” armarria zegoen. Gainera, otoiztegi pribatua eta Loreto Andra Mariari eskainitako erretaula zuen.  XVIII. mendeko jauregi aberatsek zituzten altzariak, koadroak, meza-apaingarriak, arropak eta beste ondasun batzuk zituen; hori guztia, Muruako bizilagunen eta elizaren aldeko zenbait fundazio dirudunekin zituen maiorazkoan.

Mateo Ortiz de Zarate Fundazioak Muruako eta Zigoitiko bizilagunen alde eman zituen bi obren zaindariak izan ziren Ortiz de Zarate familiak eta maiorazkoren jabeak.  Horietako bat, “aipatutako Ermandadean jaiotako guztientzat Kristau Doktrinaren arabera irakurtzen eta idazten eta zenbatzen irakastea, horren truke ordaindu behar izanik gabe", eta bigarrena haratago zihoan: "maisu egokia ordainduko zuen Gramatika azal zezan".

Larre, zur, egur eta ikatz ugari izateaz gain (azken hori burdinolak hornitzeko), erreken ibilgua aberastasun-iturri garrantzitsua zen, Muruako ingurunean irin-errota asko jarri baitziren (Ikusi Ohitura argitalpenaren 10. zenbakia, Carlos Martin, “Estudios de Etnografía Alavesa”).

Leku horretatik gertu ziren zelaietan abere-azoka garrantzitsu bat egiten zuten, San Antonio Elizan (egun, Muruako parrokia da).

XIX. mendearen amaiera arte, biztanle gehienek euskaraz hitz egiten zuten, Mendebaldeko bizkaitarrez (Príncipe Bonaparte:”Verbe basque”.-Gramática de los Cuatro Dialectos Literarios  de la Lengua Euskara,  Arturo Campion, Tolosa 1884).

Herrigunetik ibili...

Herriak bi nukleo ditu:  “Goiko Auzoa” eta “Beheko Auzoa”.  Jatorrizko herriaren goialdean egindako etxebizitzek osatzen dute lehen auzoa, Amezua ibaiaren mendebaldeko ertzean.

 Bigarrena, Zubialde ibaiaren aldeetan eta ondoko bideetatik hurbil dago: Gasteiztik Gorbeia mendira doana eta Manurgatik Etxaguenera doana.

Auzoaren erdialdean parrokia eta antzinako eskola daude (egun, gizarte-etxea da).

... inguruneetan

1.- “Goikobidea” ibilbidea (1:15 ordu gutxi gorabehera).  Amezua ibaiaren mendebaldetik ipar-ekialdera doa, “Muruabe” izeneko lekura iritsi arte.  Puntu horretan, hegoalderantz egingo dugu bira Manurgara iristearren.  Manurgatik  Muruara, ekialderantz joango gara.  Ibilbidean zenbait karobi, elurtegi eta baseliza suntsituta daude.

2.- Gorbeiarako lehen ibilbidea (ibilbideak 8.100 metro ditu):  Herriaren iparraldean dagoen aparkalekutik Gorbeia mendira igo gaitezke. Horretarako, “Torconal" izenekoa zeharkatu eta “Pagazuri”tik igoko gara.  Bidean, Zigoitiko ibarraren, Lautadaren, Gasteizko eta Legutioko aintzira artifizialen bistekin goza dezakegu.

3.- Gorbeiarako ibilbidea harrobietatik (ibilbideak 8.500 metro ditu):  Herria urtegietara doan errepidetik zeharkatuko dugu eta josteta-parkera iritsiko gara, eta handik Gorbeia mendira igoko gara. Zenbait bide ditugu aukeratzeko; gainera, Mairuelegorreta kobazuloak bisita ditzakegu.

Jaiak eta ohiturak

Herriko jaiak San Andresen, azaroaren 30ean, ospatzen dira.  Ekainaren 13an ere jaia ospatzen da, Paduako San Antonioren jaia. Izen bereko parrokian meza egiten da eta ondoren anaitasun-bazkaria.  Bolatokian ohiko lehiaketa probintzialak egiten dira oraindik ere.

Bertako ekonomia

Hasierako jarduera autarkikoa (XX. mendearen lehen zatia) bazen ere, batez ere bizitzeko leku bihurtu da. 125 biztanle dira.  Egun, Goikuri izeneko landa-hotela dago, oso erosoa da eta instalazio zabalak ditu. Murua izeneko hirugarren adinekoentzako egoitza ere bada; 12 pertsonarentzako tokia du, oso ondo ekipatuta dago eta ortu ekologikoa du.

Bisitari ugari etortzen dira Gorbeiako natura-parkera menditik ibiltzeko, onddoak edo gaztainak hartzeko. Parkeak landare eta animalia anitzak ditu.

Guda zibilean (1936) suntsitutako elizaren inguruko azalpena

1894ko abenduan Fausto Iñigez de Betolaza elizbarrutiko arkitektoak egindako txostenak eta planoek, Erdi Aroko eraikina nolakoa zen azaltzen digute: Nabe bakarra zuen “luze-luzea, harlanduzko bi hormez osatutakoa, material bereko arku oso zorrotza zuen ganga baten bidez itxitakoa". Presbiterioa angeluzuzena zen, goialdea zuzena, eta nabean estuagoa zen.  Nabetik bertatik sartzen ziren sakristiara, presbiterioaren azpian zegoen, eta eraikinaren hegoalderantz zegoen, portikoa bezala. Portikoak “apaizaren etxea eusten zuen”, eta bi solairu suntsituta zituen.  Etxera dorre itxura zuen kanpai-dorretik sartzen ziren, parrokiako kanpandorretik.  Teilatuaren, "armadura makoturen gainean” eraikitakoaren,  egoera ere txarra zen.  Atea erromanikoa zen, eta zati bat arkibolta batekin zegoen estalita.  Aldare nagusia barrokoa zen, eta alboetako aldeak, churrigureskoak.  Landa-portikoak sartzeko ate bakarra zuen, erdi-puntuko arkua duena.

Olano

Olano_img_7373_quintas

Olano Zigoitiko udalerrikoa da, eta Gorbeialdean dago, 594 metrora, Larrastrain eta Iturralde gainen artean. Zaitegirako errepidetik joan behar dugu, kilometro baterako tartera dago, iparralderantz joanez.

Olanotik zenbait bide garrantzitsu igaro ziren; oraindik diraute, eta Jugo, Manurga eta Zaraterekin komunikatzen dute herria. Hortaz, Zigoitia eta Zuia arteko igarobide garrantzitsua izan zen.

Herriaren historia    

Egungo Zigoitia lekuko aurre-historiako jatorrietan, zenbait kokaleku egon ziren, eta horien inguruan hainbat tumulu-aztarna daude estali gabe, Letonatik Zaitegi eta Olanora arte.  Herri biak lotzen dituen errepidean, Eneolitoan gizakiak han izan zirela adierazten duten zenbait aztarna daude, Genda tumulu-multzoan, alegia.

Aurreko agirietan agertzen ez bada ere, elizak, XIII. mendekoak, “Holano”ko ahalmena adierazten du. Izen horrekin deitzen zuen Calahorrako apezpikutzak, eta garai hartan Araba elizbarruti horretakoa zen.  

Zigoitiko antzinako administrazioan bigarren kuadrillakoa zen, Manurga, Zaitegi eta Letonarekin batera.

Beste baserri batzuekin batera, Olanon dorretxe bat zegoen, eta horren zenbait hondakin oraindik diraute. Horren funtzioa —Letona, Zaitegi eta Manurgakoenetan bezala— Zigoitiko ermandadeko jauntxoa babestea zen, garai hartako “jaunen” pean baitzegoen lur eta etxeen jabetza politiko eta ekonomikoa.  Herrian jaiotako eta Mexikon aberastutako zenbait “indiano" han izan zirela ere agertzen da agirietan.

Biztanle-kopurua, Zigoitiko gainontzeko herrietan gertatu den bezala, asko aldatu da.  XVI. mendean Olanoko erroldan, Zaitegirekin batera, 33 bizilagun ziren.  Baina XVIII. mendean Olanon 9 herritar ziren; XVIII. mendean kopurua handitu zen eta ofizialki 16 herritar eta 60 pertsona ziren, eta benefiziadu bat zegoen.  Pixkanaka herriko biztanleen kopurua gutxitu egin zen, eta 8 biztanle zituen 1988ko erroldaren arabera. Gaur egun, Olanok hainbat biztanle berreskuratu ditu, eta zenbait etxebizitza berritu dituzte: 21 biztanle dira.

Aurre-historiako eta historiako zenbait aztarna

 Aipatutako tumulu-multzoaz gain, iturri-garbitoki bat eta errota interesgarri bat ikus daitezke; errotaren ontzia ixten duen horman harrizko kutxa edo hilobi bat dago, eta estalki bat hustubidearen ertzean.

Dorretxe bat dago (aipatu dugu, jada), eta erdi-puntuko arkuko sarrera zabala eta ganga eta gezileiho handiak ditu.

XVIII. mendera arte euskara zen beraien hizkuntza.

San Bartolome parrokia

Jatorrizko Erdi Aroko elizatik zenbait aztarna gelditu dira egungo eraikuntzaren kanpoaldean. Egungoa erromanikoa da, XIII. mendekoa, eta Olano herriak orain dela gutxi zaharberritu du.  24 harburu ezkutu ditu, eta absidearen aurrealdean oso nabarmena da leiho erromaniko interesgarri eta baliotsua, erdi-puntuko arkua du, eta kanpoaldetik ikus daiteke ekialdeko horma pikoan.  Gainera, eta lana gauzatu ondoren, ikusteko moduan utzi zen leiho erromanikoa, arkiboltekin eta zutabeekin apaindutakoa.  Leiho biek Zigoitiko erromanikoan askotan agertzen diren zenbait motibo erakusten dituzte (emakumeen aurpegiak, arranoak, animaliak).

Bataiarria ere interesgarria da; Erdi Aroko pieza bikaina da, eremuan den onenetakoa da, bataioaren inguruko zenbait katekesi-motibo eta motibo sinboliko anitzen bidez apainduta dago.  Polikromiaren zenbait aztarna ditu.

Baina, zalantzarik gabe, elizaren elementu baliotsu eta deigarriena gotiko berantiarreko erretaula da; zenbait esku-hartze izan ditu. Orain dela gutxi zaharberritu dute, baita parrokia-eliza ere, Olanoko bizilagunen interesari esker egin da.  2013an jarri egin zuten XVI. mendean zegoen leku historikoan.

Zenbait taula margotuk, erliebek eta tailu baliotsuk osatzen dute, eta banku bat du, non hamabi apostoluen eta hamabi pintura dituzten hiru gorputz dauden.  Oinarrian sagrario barrokoa dago; lehen atalean San Bartolomeren tailua eta, bigarrenean, Jasokundea eta Mariaren Koroatzea, gotiko berantiarrekoak biak.  Erretaularen alboko lau kaleetan —bost alderditako drosel ederren azpian—, taula batean sei margo daude, San Bartolomeren bizitza eta martirioaren zenbait eszena jasotzen dituzte, eta beste seitan Kristoren eta Ama Birjinaren bizitza eta misterioren ingurukoak; eragin errenazentista italiarra dute.  Atikoaren goialdean Kristo gurutziltzatuaren irudia, eta alde bietan bi panel: Santa Barbara eta Santa Katalinaren irudiak ezkerreko kalean, eta Santa Apolonia eta Santa Marinaren irudiak eskuinekoan.

Done Jakueri eskainitako baseliza bat ere izan zen herrian, izen bereko lekuan, agian lur horretatik Conpostelako santuaren bideetako bat pasatzen zelako. 1732. urtean erautsi zuten, eta lekuak eraikita zegoen tokiaren izena gorde zuen.  

Jaiak abuztuaren 24an, San Bartolomeren egunean, ospatzen dira. 

Ondategi

Ondategi_img_5396_quintas

Ondategi dugu Zigoitiko ibarraren erdialdean, Zubialde ibaiaren gaineko muino batean; itsasoaren mailatik 600 metrora dago.

Udalaren egoitza dago han, baita udalerriko gizarte-zerbitzu gehienak ere, alboan duen Gopegi herriarekin partekatuta.

Arabako hiriburutik 15 kilometrora dago, eta hara joateko Bilbora doan N-622 errepidea hartu, Gopegirako A-3608 errepidera desbideratu, eta Gopegiren sarreran, ezkerrera joan behar dugu, Ondategira iritsi arte.

Historia

Zigoitiko Ermandadeak jatorritik izan du egoitza Santa Luzia baselizan; horri esker, ibarreko herri nagusia izan da Ondategi. Aurreko mendeko 30eko hamarkadaren hasieran, udaletxe berria Gopegin eraiki zuten, baina orain dela zenbait urte Ondategin jarri zuten berriro, beste toki batean.

1257. urtekoa da herriaren inguruko lehen berria, baina herria antzinakokoa izan daiteke.  Orain dela gutxi egindako zenbait ikerketen ondorioz, elizaren eraikuntzaren zenbait atal XI. mendekoak dira.

Santa Luzia baselizan egiten ziren urtero Zigoitiko Ermandadearen batzarrak, eta Ermandadeko gobernuko kargudunak aukeratzen zituzten. 

Ondategiko biztanle kopurua egonkorra izan da, 150 eta 200 biztanle artean izan dira, XVI. mendetik datuak hartzen hasi zirenetik. Aurreko mendearen erdialdean kopurua asko murriztu zen, eta 1982an 59 biztanle baino ez ziren. Data hartatik aurrera, beste biztanle batzuk etorri ziren herrira; Eustaten datuen arabera, 2014an 161 herritar ziren.

Aurreko mendeko 70eko hamarkadan, 15 bat familiak egiten zuten lan nekazaritzan eta abeltzaintzan, bizirauteko ekonomia zuten. 20 anega zereal inguru lantzen zituzten (5 ha), eta etxe bakoitzean 2 edo 3 behi, txerriren bat, 6 edo 8 behor, 10 edo 15 ardi, ahuntzen bat, zenbait oilo eta idi-pare bat zituzten.  Garai hartan artisauen jarduera ere nabarmena zen:  Toribio errementaria eta Joan zurgina.

XIX. mendera arte, euskara zen biztanleen artean aritzeko hizkuntza. Egun, horren erabilera biziberritu da gazteen artean.

Pertsonaia ospetsuak

Antzinatik, eragin handiko zenbait pertsona izan dira Ondategin.

Erdi Aroaren amaieran erregearen eskribaua zuten, eta Amerika aurkitu zenetik bertako asko nabarmendu ziren merkataritzari eta kontinente berrian zenbait ardura izateari esker.  Horietako askok ez zuten euren jatorria ahaztu, eta dohaintza handiak egin zituzten, batez ere parrokiari.

Joan Saenz de Buruaga jauna nabarmendu behar dugu. Karlos II.aren gortean eragin handia izan zuen, eta Felipe V.aren idazkaria izan zen, XVII. eta XVIII. mendeen artean; elizaren erretaula nagusia eta bertako irudiak eman zituen dohaintzan.

Herrigunea

Ondategiko baserrien eremu zabalean iturri publikoak banatutako bi auzo daude.

Goiko auzoan herriko eraikin komunak daude: eliza eta eskola zaharra (egun kontzeju-etxea eta txokoa daude eraikin horretan).  Auzo horretan, etxeak taldekatuta daude eta multzo bakoitzak izen bat du:  hegoaldean Sarragoako baserriak daude, mendebaldean Ubiarte, eta Elizalde dago elizaren ondoan.

Beheko auzoa, Lagagorri izena ere duena, ibaira jaisten den hegalean dago. Ibaian errota zaharra dago, eta funtzionatzen zuen aurreko mendeko 70eko hamarkadara arte.

Ibaia zeharkatuz, Bengolarrako eremuan, Zigoitiko udal zerbitzuen eraikinen multzoa dugu:  udaletxea bere, gizarte-etxea, igerilekua, frontoia eta bolatokia.  XX. mendearen erdialdean sortu zen, eta Lazaro Ruiz de Escudero industria-gizonaren ekimena izan zen; “eskola-udalekua, zelaiarekin eta gazteentzako zentro batekin" egitea zuen helburu.  Ibarreko eskola gisa erabili zen 1970era arte. Ekialderantz joanez, errepidea zeharkatuta, zenbait etxebizitza ugaritu dira azken urteotan, eta auzo berri bat sortu da Gopegirekin batera.  Han ere gurutzadura ederra dago, XVI. mendekoa, Bengolarra Gurutzea izena du.

San Lorenzo eliza

Erdi Aroko eraikina da, eta XVII. mendean presbiterioa (alboetako bi kaperekin) gehitu zioten; oinplanoak gurutze latinoaren itxura hartu zuen.  Kanpoaldetik dorrea nabarmentzen da, oboide itxurako gangarekin eta linternarekin; XIX. mendearen hasieran eraiki zuten jatorrizko kanpai-horman.

Erdi Aroko nabea defentsarako zenbait elementu dituzten horma lodien bidez eusten da; XI. mendekoa dela ematen du. XIII. mendean kanoi-ganga zorrotza gaineratu zuten. Garai hartakoak ere dira hegoaldeko portada erromanikoa (kapitel landu interesgarriekin) eta harburuak (kanpotik ia ezin dira ikusi eta gizakien eta animalien irudiak dituzte).  Elizaren oinaldean beste portiko bat dago, erdi-puntuko portadaren bi zutabeen gainean dago, eta XVI. mendekoa da.

Elizaren, presbiterioaren eta gurutzaduraren luzapenaren gainean nerbio-gangak daude; XVIII. mende hasierako urre-koloreko erretaula barroko bikaina du, Madrilen egindakoa, San Lorenzo, San Joan eta Santa Teresaren irudiak daude salomondar zutabeetan, eta multzoaren goialdean Joan Saenz de Buruaga dohaintza egin duenaren armarria dago.  Iparraldeko aldean, erretaula txikian, XIV. mendearen hasierako Andra Mari ederra dago.

Santa Luzia Teparua baseliza

Goiko auzotik Muruara joateko bidean topatuko dugu.  XVII. mendekoa da, portikoa zabala da eta kanpai-horma du.  Baselizari atxikita Zigoitiko Ermandade zaharraren batzar-aretoa dago.  Erretaula barrokoan santaren irudia dago, eta San Serbando eta San Germanen tailuak daude albo bakoitzean (desagertutako beste ermita baten titularrak ziren).

Inguruneak

Herritik hegoalderantz irteten bagara, Sarragoa haritza dugu, ehun urteko zuhaitz ederra da, eta zuhaitz bitxitzat jo dute bere tamaina eta egoera ona dela eta.  Horren itzalpean zenbait bilera egiten dira, eta garai batean, San Lorenzo jaiaren berbena ospatzen zuten.

Sarragoako otalurretik larrean sartuko gara, ibaiaren ertz bietan zabaltzen da, eta ibaiertzeko zuhaitzak, hariztiak eta baso-pinuak daude.  Zenbait koba ere badira, esaterako, Torco de la Dehesa eta Borracón de Zarakua (zulo handi-handia non ibaia harkaitzetan sartzen den).

Ondategiko jaiak

Abuztuaren 10ean San Lorenzo jaia ospatzen dute (parrokiaren titularra da), eta abenduaren 13an Santa Luziaren jaia da. Zigoitiko herritar askok hartzen dute parte, batez ere kofradiaren mezan (XVI. mendean sortu zen kofradia).

Zaitegi

Zaitegi_img_7243_quintas

Zigoitiko hego-mendebaldean dago, Arrato mendilerroko inguruko mendietan, itsas-mailatik 590 metrora. Zaitegi herria 871. urteko arabar agirietan agertzen da, Eribetik zetorren eta Zigoitia zeharkatzen zuen “Zatica bidea” handik igarotzen baitzen.  Olleros bidera ere eramaten zuen (gero, Ollerieta).  Ondoren, mandazainen bide garrantzitsuak izan ziren biak. Leintz eta Goi Nerbioi batzen zituzten, hau da, Gesaltzatik Urduñara joaten ziren.

Zaitegi eta bere gaztelua: leku estrategikoa

Zaitegi herriak balio estrategiko handia lortu zuen Nafarroako Erreinuaren eta Gaztelaren arteko muga zelako.  Hori dela eta, bertan gaztelua edo gotorlekua zegoen San Bitor izeneko mendian. Han ere izen bereko baseliza eraiki zuten.

Zaldiaranen, Araian eta San Adrianen zirenekin batera —“lau esku” Araba defendatzeko, Lazarraga historiagilearen arabera (XVI. mendea)— Erdi Aroan ezinbestekoa zen Nafarroa eta Gaztelaren arteko muga-borrokan.  Alfontso VIII.ak Nafarroako Antso Indartsu erregeari hartu zion, 1199an Gasteiz inguratu, inbaditu eta konkistatu zuenean Gaztelako erregeak.

Herritarrek gogoratzen zuten Zaitegiko gazteluaren kokalekua, XVI. mendean eraikitako San Bitor baselizaren ondoan. Zaitegik eta Letonak zaindu zuten baseliza, Olanorekin batera, eta gurtzerako erabili zen aurreko mendera arte. 1980ko sutearen ondorioz suntsitu zen.

Kokapen garrantzitsua zela eta, Zaitegiko gazteluko "alkaideak" ospe handiko pertsonaia izan ziren Iruñeko gortean.  Dorretxe bat ere izan zen herrian (XVI. mendea), baina ez dago horren aztarnarik.

Behintzat XVIII. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusia, Zigoitiko gainontzeko herrietan bezala.  

Zaitegi garrantzitsua izaten jarraitu zen Araba eta Bizkaiaren arteko igarobidea baitzen, eta diligentziez, eta ondoren autobusez etortzen ziren bidaiariak han gelditzen ziren, Beheko Auzoan ziren lau ostatuetako batean.

Zatica bideaz eta, ondoren, errepideaz gain (Aiurdin errepidea XVIII. mendearen amaieran egin zen), Zaitegi eta Zigoitiko gainontzeko herriak lotuta daude zenbait bide ederren bidez. Nabarmentzekoa da Gendatik doan "Errege-bidea"; gurutzadura interesgarri baten bidez dago seinaleztatuta.  “Genda gaina” izeneko bidean (gaur errepidea da)  Zaitegi eta Olano artean tumulu anitzeko zelai bat egon zen.

Izenak eta demografia-bilakaera

Zeguitagui (1199. urtea), Çahytegui, Çaitutegui (1257. urtea) edo Zaitutegui (gazteleraz, ‘leku hau gorde”), Çahytaginson  antzinako zenbait izen dira. XII. mendean Zaytegui agertzen da (Zayteguiko alkaidea).

Demografia aldatzen joan da. XVI. mendean Olano eta Zaitegi artean 33 etxe zeuden; XVII. mendean hamabi bizilagun ziren (50 pertsona), denak nekazariak ziren eta 900 anega ale jasotzen zituzten.  XIX. mendearen erdialdean hamaika bizilagun ziren (43 biztanle), eta aurreko mendeko lehen erdialdean 60 eta 31 artean ziren; mendearen amaieran, dagoeneko, 17 biztanle zituen herriak.   Egun, herriko bi auzoetan 42 biztanle bizi dira.

Zaitegiko Andra Maria Jasokundearen eliza

Egun herrian dagoen eraikin zaharrena da.   XVI. mendean eraiki zuten Erdi Aroko beste eliza baten gainean; oraindik, horren zutabe erromaniko bat du, eremuko zaharrenetako bat da.

Ganga tertzeletedunekin estalitako hiru tarte eta kanpoan kontra-horma sendoak ditu eraikinak; harlangaintzeko obra da, estalkia 2011n zaharberritu zuten. Jasokundearen Andre Mariaren izenez, herriko jaiak bere egunean ospatzen dira, abuztuaren 15ean.

Erretaula nagusia bi garaitakoa da.  Sagrarioa eta bi pilastrak, aldarearekin batera, XVI. mendekoak dira.  Ondoren, XVIII. mendean egungo erretaularen gainontzeko zatiak jarri ziren, Andre Maria Jasokundearen irudi barrokoarekin (parrokiako eta herriaren zaindaria da).  San Antonio Abaden eta San Isidroren tailuak Valdivielsoren edo "Pagoetako santu-egileen” obra eta estilokoak dira.

Alboko erretaulak San Joan Bataiatzailearena (tailu neoklasikoa) eta San Josefena dira.  Alboko aldare baten ondoan dago San Joan Ebanjelariaren kalitate handiko irudi bat (XVI. mendea).

Baseliza historikoak

Aipatutako San Bitor baseliza, Letonarekin batera erabili eta zaintzen zen, eta Olanok ere lagundu zuen aurreko mendeetan. Mendi horretako leku pribilegiatu batean eraiki zuten. Gaur erortzeko zorian dago, baina oraindik ditu hormak, eta zaharberritzeko modukoak dira.

Aipatutako gazteluaren hondakinez inguratuta (indusketa egiteke dago), baseliza eta gaztelua balio historiko handikoak dira herri horietako historian eta Nafarroako harremanari dagokionez.

Aurre-historian, egun Zaitegi dagoen lekuan, Aurre-historiako tumulu-zelai bat egon zen; hogeita hamar tumulu zituen, eta oraindik daude horien aztarnak.  “San Migel" izena duen lekuan dago; izen hori du leku hartan eraiki omen zuten baselizagatik;  milaka urteko ehorzketak gurtza kristauekin ordezkatzeko egin zuten.  

Zestafe

Zestafe_img_5754_quintas

Gorbeiako hegaletatik hegoaldetik behera joanez ikusten diren mendixka anitzetako batean dago, 641 metroko garaieran. Gopegitik sar gaitezke, Acosta/Okoiztara ere doan eta Zestaferaino joateko bitan banatzen den errepidetik.  

Izena eta jatorria

“Zestave" toki-izena 871. urtean aipatu zen dagoeneko, zenbait noblek Okoiztako San Bizente monasterioari egindako dohaintzen inguruko eskutitzean.  Emaileek San Bizenteri eta monjeei eskaintzen zizkieten jabetzak finkatu zirenean, Eribe eta Zestafe aurkitzen ditugu “Olleros bidetik” “Zatica biderainoko” ibilbidean (agirian bertan izen hori du), hau da, egungo Ollerieta eta Zaitegi herrian artekoan, Leniz haranetik Urduñako lurretara zihoan bide naturalaren tartean.  Ondoren, 1087. urtean, Cestave izenarekin aurkitzen dugu, eta 1257an Cestafe idatzita agertzen da.  

Egoera eta demografia

Kokapena dela-eta, Zestafe Zigoitiko lau kuadrilla historikoetako bigarrena zen. Kuadrilla, Zubialde ibaitik Santa Engraziaraino iristen zen eta Murua, Larrinoa, Gopegi, Etxaguen, Okaranza, Ruedas, Acosta, Zestafe eta Gorostiza (egun, Zestafe eta Acosta/Okoiztako auzoa) hartzen zituen.  

Historian barrena, Zestafek zenbait gorabehera demografiko garrantzitsu izan zituela dakigu. Gorabehera horiek batez ere 1556. urtetik aurrera eman dira; urte hartan 18 bizilagun zituen.  XVIII. mendearen amaieran, 18 bizilagun ziren, eta 73 biztanle.  1850ean 126 pertsona bizi ziren herrian.  XX. mendearen hasieran, 22 etxebizitza eta 79 biztanle zeuden.  Egun, 42 bat biztanle dira.

Bariko San Nikolas parrokia

Parrokia-elizak Bariko San Nikolas izenpekoak, bere egunean izaten dira jaiak, abenduaren 6an, oinplano angeluzuzena du, eta hegoaldean apaizaren etxea du atxikita.  Kanpai-horma du, bi zulo ditu eta han daude kanpaiak.  

Elizaren osaketaren elementu gehienak erromanikoak dira:  absidea, leihoak, harburuak, ateak eta barrualdea.  Arte erromanikoaren aztarna gehien dituen Zigoitiko eliza da, eta talde homogeneo bat osatzen du.  Elementu zaharrenak XIII. mende ingurukoak dira. Dena dela, ondorengo mendeetan zenbait gauza ere egin dira egituran gaur egun dagoen moduan utzi arte.  

Eliza herriaren goiko aldean dago, herrigunearen hegoaldean.  Hegoaldeko horma ezkutatuta eta babestuta dago apaizaren etxearekin, eta portikoaren alde bietara zabaltzen da.  Portikoan aurrealde erromaniko oso interesgarria babesten da; gainera oso ondo zainduta dago.  Presbiterioaren hegoaldeko horman ere leiho erromaniko bat dago: ederki apaindutako erdi-puntuko bi arkiboltekin osatutakoa.  Horma berean, teilatuaren erlaitzaren azpian sei harburu daude: animalien buruak, aurpegi antropomorfoak eta paldo antzeko baten kontra jarritako pertsonaia bat zutik irudikatzen dituzte.  Apaizaren etxearen ganbaratik beste hamahiru harburu ikus daitezke; aurretik aipatutakoen antzeko motiboak dituzte.  

Barrualdean, XVIII. mende amaierako erretaula nagusi neoklasikoa dago.  Atal nagusian Bariko San Nikolasen irudi barrokoa dago, urre kolorekoa eta polikromatua da.  San Joan eta San Josefen irudiak ere daude, idulkien gainean jarrita.  Goian, Gurutziltzatuaren irudi barrokoa dago, XVI. mende amaierako edo XVII. mende hasierakoa da.  Sagrarioa, Apodakatik ekarri omen zuten pieza barrokoa da.

Erretaularen atzean osatu gabeko horma-pintura batzuk daude egun, nolabaiteko balioa dute, eta arkitektura-hondo lauzatua eta osatu gabeko zenbait pertsonaiaren figurak agertzen dira; sagrarioa (erdigunean) inguratzen zuten.  Goian, arkua margotuta, eta Kristoren, Andra Mariaren, San Joanen eta Kalbarioaren irudien arrastoak ditu.  Aipatutako pinturak presbiterioaren buruan egon ziren XVIII. mendean egungo erretaula jarri zen arte.

Irudiei dagokienez, Andra Mariari buruzko tailu ederra nabarmentzen da, Andra Maria motakoa. XIII. mendekoa da.  Zaharberritu zuten eta egun Gasteizko Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan dago.

Bataiarria ere badu, apaindu gabe.  Sakristia karratuak, XVI. mendekoak, diagonalean jarritako nerbio-ganga, izar-klabeak eta lau apostoluen sinboloak ditu.

Pertsonaia ospetsuak eta bertako abizenak

Datu bitxi gisa, aipatzekoa da Erdi Aroaren amaieran Zestafen erregearen eskribau bat bizi izan zela, bertako bizilaguna zen, eta ofizio horretarako deitu zuten Errege-erregina Katolikoek 1494ko ekainaren 20an. Juan Martínez de Cestafe izena zuen, eta agiri-erregistroa galdu bada ere (oso interesgarria izango litzateke Erdi Aroaren amaierako Zigoitia hobeto ezagutzeko), Zestafen errege-eskribautza izatea herria ingurukoetatik nabarmendu zuen, zalantzarik gabe.

Bertako abizenei dagokienez, ondokoak aipa ditzakegu, besteak beste: Alava, Albisua, Fernandez de Agirre, Garcia de Kortazar, Izaga, Ruiz de Lazkano, eta leku-izenarekin osatutakoak, ondokoak: Diaz de Zestafe, Fernandez de Zestafe, Martnez de Zestafe etab.

BASERRI SAKABANATUAK ETA HUSTUTAKO HERRIGUNEAK

BASERRI SAKABANATUAK

1.- Zigoitiko ipar-mendebaldeko hainbat baserri (Goikoerrota edo Almadien, Errekamuna, Bekoerrota edo Errotabarri, Arkesto, Ametserre eta Zubibarri) Zigoitiko udalerriak Ubidea eta  Legutiorekin dituen mugetan daude.

Baserri horiek guztiak Zestafeko Batzarrera atxikita zeuden, baina gertuen zegoena 9 kilometrora zegoen, eta urrunena 13 kilometrora.

Erroldek baserri hauek zuten okupazioaren berri ematen digute: 1940an, 6 familia; 1950ean, 8; 1955ean, 9; 1975ean, 4; eta 1981ean, 6.

Baserriek Zestafeko nukleoarekiko zuten distantziak gorabeherak ekartzen zituen deialdiak, abisuak eta jakinarazpenak egiteko. Horren ondorioz, Zestafek ez zuen baserri hauekiko konpromisorik betetzen.

1981ean, baserrietako biztanleek esan zuten, legez Zigoitiko Udalerriko herritar izan arren, ez zeukatela lekurik udalerripeko erakunde batean ere, eta, beraz, egoera ezohiko bat bizi zutela, eta administrazioaren betebeharrak ezagutzen zituztela. Administrazioaren adierazpen ofizial bat eskatu zuten, eta hutsune nagusienak konpontzea: baserri batean argindarra jartzea, hiru baserritan uraren hornidura jartzea, sei baserritarako sarbidea.

Udalbatzak Arabako Batzar Nagusietara eraman zuen gaia, eta, honek, 1982ko uztailaren 14an honako ebazpena eman zuen: “Baserriak Zigoitiko Udalera daude atxikita, eta, honek, behar duten zaintza eskainiko die, eta erakundeen aurrean beren interesak kudeatuko ditu. Horrela, Zestafeko Administrazio Batzarrarekin herritar gisa zuten lotura amaitutzat ematen da”.

Garai hartan, baserri horietan 23 herritar bizi ziren, hau da, Zigoitiko hamazazpi herrien artean hamaikagarren postuan zeuden. Zestafeko Kontzejuan zazpi lagun bizi ziren.

Gaur egun,  Zigoitiko ipar-mendebaldeko eremuan Zestafeko Batzarrekoak izan ziren sei baserriak sartzen dira. Eta baita hauek ere: Iñarragana (berritua), eta Landaluze (eraikin berria).

2.- Zigoitiko erdigunean Okarantza baserria dago, Muruatik 2 kilometrora, Gorbeiako urtegietarako bidean, Zubialde errekaren ertzean. Baserri hau, jatorrian, errota izan zen, eta  gaur egun oraindik badu errotaren ubidea.

Okarantza, batzuetan, Muruara atxikia agertzen zen, eta, beste batzuetan, Etxaguenera. Eliza kontuetarako, Larrinoako parte zen. Orain dela zenbait urtetik hona, “baserri sakabanatutzat” jotzen da, eta Zigoitiko Udalarekin du zuzeneko harremana.

JENDEZ HUSTUTAKO HERRIGUNEAK

Orain arte, gure herriak eta baserriak ezagutu ditugu, gaur egun duten itxuran, baina, ez litzateke zintzoa aipatu gabe uztea Zigoitian “BESTE HERRI” batzuk egon zirela, gaur egun desagertuak. Agian, gutako batzuk herri horietan izango dugu jatorria. Horregatik, ikerketetatik jasotakoaren xehetasun batzuk ekarri ditugu hona:

ALDAI. Badirudi herri bat egon zela gaur egun “Gopegiko larrea” moduan ezagutzen dugun lekuaren inguruan.

AZKOA. Apodakan, Foronda aldera doan errekaren ondoan. Apodakako San Martin Elizan gordeta daude desagertutako elizaren eta komentuaren arrastoak.

GOROSTITZA. Gaur egun “San Pedro Baserriak” izenarekin ezagutzen duguna da. San Pedroko ermitak iraun du, garai batean parrokia izan zena, bere bataiarri eta hilerri eta guzti.

GERNIKA. Mendarozketatik gertu. 1025ean, Arabako herri gisa ageri da, eta Donemiliagako Monasterioan ordaintzen zituen zergak.

MENEA. 1767rako ez zekiten noiz hustu zen jendez. Seguru asko Buruaga eta Eribe inguruan kokatu zen.

MURABE. Desagertutako herria. Murabeko San Juan izan zen bertako parrokia. Muruak, bere jatorrian, izan zuen hasierako kokalekutzat jotzen da, Murua eta Manurga artean. Leku kuttuna da, bisitatzeko prestatua.

OKARANTZA. Muruako auzoa, gaur egungo izen bereko sakabanatutako baserritik gertu kokatua. Lurpeko ustiaketak egin ziren bertan, hainbat burdindegitarako burdina ateratzeko. XVI. mendean zortzi errota izatera iritsi zen.