Itzuli

Sarajevo, gerra eta bakea

Bosniako gerra hasi zela 25. urteurrena betetzen dela oroitzeko, Gervasio Sanchez foto-kazetariaren lana ezagutzera gonbidatzen gaitu EUSKAL FONDOAK

gileak aitortzen digun bezala: kazetariari hiltzaileari bezala gertatzen zaio: nahiz eta urte batzuk igaro, hilketa-lekura itzuli behar du amets ikaragarria ez zuela bizi izan egiaztatzeko.

Erakusketak Sarajevoko setioaren gerra garaiko zuri-beltzezko argazkiak erakusten ditu, batetik, eta ingurune berak, hamabost urte geroago, bake garaian nola dauden (koloretan), bestetik. Bi urtez egongo da EUSKAL FONDOAko erakunde bazkideen eskura.

Bosnia-Herzegovinako gerra nire lanaren eta bizitza pertsonalaren zati ukaezina da. Nire oroimenak nekez ahazten du gatazka hura. Etengabeko bonbardaketekin amesten jarraitzen dut, eta bertako biztanleen aurpegietako beldurra ikusten dut oraindik ere, nahiz eta 2017ko apirilean mende laurden beteko den gatazka hasi zenetik.

Gerra kontatzea ezinezko dela ikasi nuen han. Boligrafoa guztiz agortuta, adimena zeharo zorroztuta edo errealitatea ezin hobe zehaztuta ere, ezin daiteke lortu irakurleak gatazka armatu baten egia zein den ulertzea Halakorik bizi ez duenarentzat pentsaezina da eragindako izua.

250.000 bosniar izan ziren erailak edo desagertuak, eta horietako 16.000 adin txikikoak ziren. Sarajevon soilik 1.601 haur hil ziren. Herrialde guztian, aitarik edo amarik gabeko 25.000 adingabe baino gehiago dago.  

Baikorrenek baieztatzen dutenez, Bosniako hiriburuak ez du izaera kosmopolita galdu; ezkorrek, aldiz, gerraosteko babesgabetasunean deuseztatu dela uste dute.Baina gehienek europarren aurka oihu egiten dute: «Gerran zehar traizio egin ziguten, eta bake-akordioen ondoren baztertu egin gaituzte».

Errudun ez naizen arren, zaila da nire barneko asaldura azaltzea. Badakit errudun nagusiak nortzuk izan ziren: ehunka mila gizon-emakume erailtzeko eta desagerrarazteko agindua eman zutenak. Sailkapen horretan, halaber, garaiko europar agintari politikoak ere sartzen ditut.

Badakit bizi dugun aroko akatsik nagusienetako bat dela iragana saihestea, gizon itzaltsuen biografiak birgaitzea eta mundua adierazpenen simaurtegi bilakatzea. Badakit egiaren aurrean amore eman dugula eta biktimak ostrazismora kondenatzen direla. Badakit ireki gabeko ehunka hilobi dagoela oraindik ere. Badakit urtero uztailaren 11n Potocariko hilerrian zer gertatzen den, milaka gizon, emakume eta haur Srebrenicako azken identifikatuak lurperatzeko elkartzen direnean. Badakit identifikatu gabeko milaka bosniarren hezurrek negar egiten dutela Tutzlako hozkailu erraldoietan pilatzen diren plastikozko poltsetan. Nire begiekin gehiegitan ikusi dudalako dakit. Jakin nahi dudalako dakit; oroimena eta kontzientzia baitira ignominiaren eta gezurraren aurrean geratzen zaidan bakarra. Biak zaurituta, baina bizirik.